Gainbalioa: zerga aldatzear dago

Juanma Gallego 2021ko aza. 5a, 08:30

Etxebizitzen salerosketei eragiten die zergak, baina baita oinordetzan jasotako etxebizitzei ere. ALEA

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du gainbalioaren gaineko zerga kalkulatzeko erabiltzen den irizpidea ez dela bidezkoa. Ekain Abokatuak bulegoko Jon Andak argitu du orain afera zertan dagoen.

Hautsak harrotu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gainbalioen gaineko zerga kalkulatzeko erabilitako irizpidea bertan behera utzi izanak. Higiezin baten transmisioan udalek kobratzen duten zerga da hori. Horren arabera, etxe bat eskuz aldatzen denean, berdin salerosketa bat izan edo jasotako oinordetza izan, ondasun horrek ustez izan duen balio gehikuntzaren zati bat udalen eskuetara doa zuzenean. Merkatu balioa ez baizik balio katastrala aintzat hartzen dute udalek haien zatia kalkulatzeko... orain arte.

Une honetan, eta kontua arautuko duten lege berriak onartu bitartean, zerga hori desagertu da, Ekain Abokatuak bulegoko Jon Andak azaldu duenez. "Funtsean, une honetan zerga oinarria bera eta zerga kalkulatzeko sistemak bertan behera geratu dira", argitu du.

Ordaindutakoa, bere horretan

Konstituzionalaren epaia ez da atzeraeraginezkoa; hortaz, orain arte ordaindutakoa ez da itzuliko, eta diru-kutxa publikoetan geratuko da. "Arrazoia izan ala ez, auzitegiaren ebazpena argia da", azpimarratu du Andak. "Epai edo administrazio ebazpen irmoa dauden kasu guztietan ez dago erreklamatzerik. Aurretik kontua auzitegietan dagoen kasuetan, aldiz, aukera egingo da dirua berreskuratzeko".

Abokatuak azaldu duenez, hein handi batean, balio katastralaren eta merkatu prezioen arteko aldean abiatzen da arazoa, higiezinen burbuilaren eztandaren testuinguruan. "Demagun 10 euroan erositako ondasun bat 20 euroan saltzen zela. Burbuilaren amaierarekin, baina, 8 euroan saltzen zen. Hortik etorri dira komeria guztiak. Higiezinen merkatua egonkor mantendu denean, balio erreala balio katastrala baino handiagoa zen beti, baina gero gauzak aldatu dira".

Estatuaren eskuduntza

Andak gogora ekarri du aurretik ere egon ziren zenbait epaik zalantzan jarria zutela zerga kalkulatzeko modua, baina Konstituzionalaren azken ebazpen hau behin betikoa dela. Izan ere, Konstituzioaren 133. artikuluaren arabera, zergak ezartzea Estatuaren eskuduntza da, nahiz eta gero erkidegoek edo aldundiek aukera izango duten zerga horiek arautzeko. Aurreneko epai horiek bide beretik joan ziren. Lehen epaiak argudiatzen zuen balio gehikuntzarik ez zegoen kasuetan ez zegoela zerga bat ezartzerik. Bigarren epaiak adierazten zuen gerta zitekeela jasotako zerga izatea balioan izandako gehikuntza baino handiagoa. "Azken epaiak esan du balio gehikuntza horiek gehiegizkoak izan daitezkeela. Aintzat hartu da balioaren gehikuntzaren eta zergaren arteko aldea %50-60 dela, eta hori gehiegizkotzat jo du, zergak ezarri behar direlako zergadunaren gaitasun ekonomikoaren arabera".

Konstituzionalaren azken epaia ez da atzeraeraginezkoa: ez da itzuliko orain arte ordaindutakoa

Abokatuak zehaztu du berez udalen esku dagoela zerga kobratzea ala ez, baina erantsi du gehienek egiten dutela. "Gure bulegoan udal askorekin lan egiten dugu, eta esango nizuke udalen %90 inguruk zerga hori kobratzen dutela". 
Tarte batzuen artean, udalek erabakitzen dute zenbat kobratu. Ideiaren bat izateko, Gasteizko Udalak adibide bat du haren webgunean: duela sei urte erositako etxebizitza batek orain 42.000 euroko balio katastrala baldin badu, udalari 2.366 euro ordaindu behar zitzaion.

Ikusteko dago erabakiak udal kontuetan izango duen eragina. Momentuz, joan den astean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek esan zuen hiriburuak urtean 15 milioi euro inguru eskuratzen zituela zerga horren bidez. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago