Ostiralean bueltatuko da Gasteizko liburu azoka

Erredakzioa 2021ko aza. 3a, 14:01

Liburu Azokaren aurkezpena egin dute liburu saltzaileen ordezkariek. / Gasteizko Udala

Asteburuetako programan, liburu-sinatzeak, liburu-aurkezpenak eta kultur animazioa izango dira.

Irakurzaleentzat ezinbestekoa den ekitaldietako bat bueltatuko da aste honetan Gasteizera. Azaroaren 5etik 14ra bitartean, Liburu Azoka egingo da Urrezko Zeledonen plazan. Bost saltoki jarriko dira, eta denboraldi berrirako proposamenak aurkeztuko dituzte bertan Anegon, Ayala, Casa del Libro, Elkar eta Zuloa liburu-dendek.

Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta liburu saltzaileen ordezkari Ane Agirregomezkortak (Elkar) eta Txintxu San Martinek (Zuloa) hartu dute parte ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan. "Oso pozgarria da literaturzaleen artean arrakasta handienetakoa duen ekitaldietako bat berreskuratzea. Hiriko agenda kulturala aktibatu dugun honetan, Liburu Azoka egingo dugu, egoerak eskatzen duen mailan", azpimarratu du Estibaliz Cantok.

Asteburuetako programan, liburu-sinatzeak, liburu-aurkezpenak eta kultur animazioa izango dira. Idazleen artean, besteak beste, Manuel Vilas (azaroak 7), Eduardo Alvarez (azaroak 6)  eta Alaitz Lezeaga (azaroak 8) izango dira liburuak sinatzen.

Liburu Azokaren ordutegia: astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; asteburuetan 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era. %10eko murrizketa egingo zaie standetan liburuak erosten dituztenei. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago