Ertzaintzak gizon bat atxilotu du igandean Laudion, bikotekideari kristalezko edalontzi batekin eraso egiteagatik. Emakumea ospitalera eraman behar izan zuten, zaurituta.
Eraso matxista igandeko 04:00ak aldera jazo zen, Zubiko Kuajo kalean. Gizonezkoak kristalezko edalontzi batekin kolpatu zuen emakumezkoa, buruan. Larrialdietako zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu ondoren, biktima Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten zauriak artatzeko.
Laudioko Mugimendu Feministak erasoa salatu du eta "babes osoa" adierazi dio emakumeari. "Horrelako erasoek ez dute gure herrian tokirik, ez Laudion ez inon. Sistema heteropatriarkalaren beste adibide garbi bat da hau, eta beraz, behin ere autodefentsa feministaren aldarria zabaltzeko beharra adierazi nahi dugu", adierazi dute.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.