Gabonetako jaiotza batek eztabaida piztu du Laudion

Erredakzioa 2021ko urr. 29a, 14:43

Ikastetxeko kontseiluan eztabaidatuko dute gaia, hurrengo astean. / Aiaraldea

Latiorro eskolako irakasleen klaustroak ikastetxean jaiotzarik ez jartzea erabaki du. 

Gabonetako jaiotza batek eztabaida piztu du Laudion. Hain zuzen, Latiorro eskola publikoan urtero jartzen duten egurrezko jaiotza jartzearen kontra bozkatu dute irakasleek aurten. Erabakia salatu du Bagara familien elkarteak, eta "ondarea babesteko" eskatu dio Udalari; Arabako Belenzaleen Elkarteak ere jaiotza jartzeko eskatu du, eta "jarduera kulturala" dela defendatu.

Klaustroan jaiotza ez jartzea bozkatu duten irakasleek eskola publikoa "laikoa" dela argudiatu dute, eta, beraz, erlijio ikurrik ezin dela jarri. Erabakia ikastetxeko kontseiluan eztabaidatuko dute orain, irakasle, guraso eta ikasleen ordezkariek, baina eztabaida piztu da dagoeneko.

Bagara familien elkarteak Udalera eraman du salaketa, eta erlijio ikasleek egiten duten egurrezko jaiotza paratzeko "beharrezko neurriak" eskatu dizkio. "Gure ustez, klaustroaren erabakia laikotasun-printzipioaren aurkakoa da, eta printzipio hori nagusitu behar da gizartean eta erakunde guztietan, baita hezkuntzan ere, eta indarrean dagoen legeriak printzipio hori babesten du". Elkartearen esanetan, ez litzateke inorentzat deserosoa izan behar jaiotza hau, eta urteetan egindako lana gogoratu dute: "Erlijio-irudikapen hori, gure tradizioan sakonki errotua, ikastetxe horretako ikasleen belaunaldiek landu eta aurkeztu dute urtez urte, eta familiek zein herriak, oro har, aintzat hartu dute".

Arabako Belenzaleen Elkarteak ere, ildo beretik, jaiotza "jarduera kultural" gisa defendatu du, eta eskolaren laikotasuna behar bezala interpretatzearen eta praktikatzearen alde egin du. "Uste dugu jaiotza edozein espazio publikotan jartzearekin ez dela maila erlijiosoa nabarmentzen, baizik eta, batez ere, mantendu eta sustatu behar ditugun tradizioak errespetatzen dituen adierazpen kultural eta artistiko bat". Elkartearen arabera, eskolaren laikotasuna ez datza gertakari erlijiosoari erreferentzia egiten dion edozein adierazpen ezabatzean, "baizik eta, hain zuzen ere, gertakari horren hainbat adierazpenen bizikidetza heztean, erlijio desberdinak dituztenen edo bat bera ere ez dutenen sentsibilitatea jasoz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide