Etxezarra etxean du ordezkaritza berria Euskaltzaindiak

Erredakzioa 2021ko urr. 29a, 12:38

Gorka Urtaran eta Andres Urrutia, Etxezarra etxean. / Gasteizko Udala

Gasteizko Udalak 25 urterako laga dio eraikina Akademiari; besteak beste, espazioak gune bat izango du ikastaro, hitzaldi edo liburu-aurkezpenak egiteko.

Gasteizko Udalak 25 urterako laga dio Etxezarra eraikina Euskaltzaindiari, eta aurrerantzean Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzaren egoitza izango da espazio hori.

"Etxe eder hau Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortu ditugu: batetik, orain arte erabilera egonkorrik ez zuen eraikinaren zatiari erabilera ematea, edukiz betez; bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea. Gure hiriarentzat Euskaltzaindiak egoitza egoki bat izatea oso positiboa da, Gasteizek euskararen hiriburua izan behar duelako eta hemendik aurrera, gure hiriak euskararen beste arnasgune bat lortzen duelako", azaldu du Gorka Urtaranek gaur egoitzara egindako bisitan.

Euskaltzaindiarentzat ere une garrantzitsua dela azpimarratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. "Gaurkoarekin euskarak espazio berri bat irabazi du Arabako hiriburuan… Ez da bakarra, beste bat izan nahi du, erakundeei, euskararen eta euskal kulturaren eremuan ari direnei, Arabako gizarteari irekia. Hau ez da Euskaltzaindiarena, guztiona baizik, erabil dezagun, bultzada eman diezaiogun euskarari eta euskal kulturari talaia, itsasargi honetatik", esan du Urrutiak.

Akademiak askotariko jarduerak lantzeko baliatuko du azpiegitura berria. Alde batetik, herritarrak eta elkarte publiko zein pribatuak artatu nahi ditu Akademiak, betiere arreta jarriz euskararen ikerkuntzaren eta zabalkundearen eremuetan. Beste aldetik, azpiegitura horretan egun Akademiak Gasteizen barreiatuta dauzkan eta etorkizunean abian jarri nahi dituen ikerketa-egitasmoak landuko ditu.

Euskaltzaindiak eskuratu duen espazioak 340 metro karratu erabilgarri ditu goiko solairuan (behealdean jatetxea dago), baina jada egokituta dago. Honela, espazioak gune bat izango du ikastaro, hitzaldi edo liburu-aurkezpenak egiteko; beste bat Osoko bilkurak edo bestelako batzarrak egiteko; Akademiaren proiektuak bideratzeko leku bat ere izango da; kontsultak egiteko mediateka txiki bat eta, azkenik, Arabako ordezkariaren bulegoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago