Irailean, sindikatuekin eta sektoreko eragileekin partekatu ondoren, Arabako egoitza pribatuen hitzartzea arautzeko foru arau berri baterako proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk, "egoiliarren bizi baldintzak eta langileen lan baldintzak hobetzeko" helburuarekin.
Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak eta Claudia Venceslao batzarkideak gaur jakitera eman dutenez, foru gobernuak (EAJ-PSE) proposamen hori baztertu du. Gainera, foru araua bera eztabaidatzeari ere uko egin diola kritikatu dute, "eztabaidarako ere onartu ez izana gobernantza moduaren adierazgarria" dela salatuz.
Horrez gain, foru gobernuaren "joera pribatizatzailea" salatu dute EH Bilduko bi ordezkariek: "Azken 25 urteetan irauli egin da plazen banaketa publiko-pribatua", ohartarazi dute; izan ere, epe horretan, plaza pribatuak %30 izatetik, gaur egun %65 izatera igaro dira.
Venceslaok azaldu duenez, EH Bilduk hiru mozio aurkeztu ditu azken urteetan arlo horretan, eta, bere ustez, "ezin zaio leporatu proposamenarekin Foru Aldundiaren eskumenetan injerentzia egin izana". Bestalde, batzarkideak kritikatu du Eusko Jaurlaritzak argitaratu beharreko dekretuak "13 urteko atzerapena" daramala, eta "bitartean, zentro pribatuen egoerak, hobetu baino, okerrera egiten jarraituko du".
Gaur egun, Bizkaiak eta Gipuzkoak badute lurraldeko egoitza-zentro pribatuen itunpetzeari dagokion araudia. Araban, oraingoz, ez dago horrelakorik indarrean. "Sistema publikoaren aldeko apustua egin behar da ildo horretan, baina egungo egoeran, itunpetze sistema hobetu beharra ere agerikoa da", adierazi dute EH Bilduko batzarkideek. "Horretarako, beharrezkoa da eztabaidatzea eta adostasunak bilatzea".