'0 isurketa' lelopean, Glasgowra bizikletaz joango da Hodei Arrausi kazetaria

Anakoz Amenabar 2021ko urr. 26a, 08:00

Incredible Edible egitasmoa ezagutuko dute Todmordenen. /I.Edible

Larrialdi klimatikoari esparru desberdinetatik aurre egiten dioten taldeengana joko du.

Glasgowko klimaren goi bilerarekin bat, EITBk kanpaina berezia eta hainbat ekimen prestatu ditu. Besteak beste, Hodei Arrausi kazetari arabarra, 0 isurketa lelopean, bizikletan joango da Eskoziako hirira. Larunbatean, hilaren 30ean abiatuko da EITBren Bilboko egoitzatik, eta azaroaren 10ean iritsiko da. 

Bizikletak prest dituzte Arrausik, sare sozialetan jarraipena egingo duen Amaia Larruzea kazetariak eta Amane Iglesias kamerariak, eta bidean grabatuko dituzten elkarrizketa eta erreportajeak ere lotuta dagoeneko. Frantzian eta Erresuma Batuan barrena, larrialdi klimatikoari esparru ezberdinetatik aurre egiten dioten kolektiboengana joko dute. "Hauek era konplexu batean ulertzen dute larrialdi klimatikoa, ez dira ari soilik CO2 isurketak murrizteaz. Batzuek elikaduran dute jarrita fokua, beste batzuek herria arlo energetikoan ahalduntzeko lanetan...", azaldu dio Arrausik ALEAri. Bospasei erreportaje izango dira; besteak beste, Todmorden (Ingalaterra) izeneko herrian izango dira, duela hamar urte martxan jarri zuten Incredible Edible (Jangarri harrigarri) egitasmoa ezagutzeko: "Nola elikatuko da herria halabeharrez energia gutxiago izango duen etorkizun hurbil batean? Nola egokitu elikadura larrialdi klimatikora? Halako esperientzien bila aterako gara".

Ez da erronka fisiko bat izango, kazetaritza ariketa bat baizik; istorioen bila kamarak, tripodeak eta argiztapena gainean dituztela. Bidaian zehar mugikortasunaren inguruko hausnarketa egingo dute, eta bidean aurkitutako zailtasunak kontatuko dituzte: "Asteburu pasa Glasgown egiteko hegazkina hartzen ez badugu, eta alternatiba bila hasita, konplikatua da; zailtasunetako bat da, adibidez, bi bizikleta tren desberdinetara sartu ahal izatea, guztietan ez dutelako hori baimentzen".

Hamabi egun egingo dituzte bizikleta gainean eta trenean, eta azaroaren 10ean izango dira Glasgown, goi bileraren azken hiru egunetarako. "Duela sei urte Pariseko goi bileran gertatu zena ikusita, aurreikus liteke dena egun horietan erabakitzea, akordiorik egongo den ala ez, eta herrialdeek planik aurkeztuko ote duten", aipatu du Arrausik. Izan ere, aurreikuspenak egitea zaila bada ere, dena ez da uste bezain baikor. "Halako pesimismo kutsu bat zabaltzen ari da zenbait plan aurkeztea zalantza delako; tartean, Txinak aurkeztuko duen duda dago. Krisialdi energetiko honetan murgilduta, berriro ekin dio ikatza produzitzeari eta haren alde egiteari".

Bizikletaz joango da Glasgowra Hodei Arrausi kazetaria. / Alea

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago