XXI. mendeko landatartasun berria. Praktikak eta kontakizunak izeneko jardunaldia antolatu dute Eusko Ikaskuntzak eta Arabako Diputazioak. Diskurtso-jardunbideen eta lurralde-garapenaren paradigma berri bat eta landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko harreman berriak planteatzen dituzten kontakizunen inguruan eztabaidatzea da helburua. Urriaren 28an, ostegunean, izango dira solasaldiak Gasteizko Europa jauregian eta on-line formatuan.
Egitaraua bi zatitan banatu dute. Lehenengoan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Ikaskuntzak Arabako lurraldearen errealitateari buruz egindako bi azterlan aurkeztuko dituzte: Arabako despopulazio-prozesuaren azterketa demografikoa, azterketa eta diagnostikoa, EHUko Mari Cruz Porcal Gonzalok azalduko du, eta “Herrietan eta landa eremuan bizitzearen aldeko ahotsak” eta “Lurralde Orekarako Estilo-Liburua” inguruan Imanol Esnaola, Eusko Ikaskuntzako bazkidea, jardungo da.
Bigarren zatian, mahai-inguru gisa, Praktika diskurtsibo eta kontakizun berriak eta diskurtso-praktikak izango dira hizpide. Aritz Ibañez (Mendialdea Radio), Irantzu Lekue (artista garaikidea), Marta Martin (Noticias de Álava) eta Unai Ugarte (Radio Vitoria) arituko dira, Ion Muñoa (Eusko Ikaskuntza) moderatzaile dutela.
Jardunaldiari amaiera emango diote Pilar Garcia de Salazar Garapen Ekonomikoaren, Berrikuntzaren eta Erronka Demografikoaren foru diputatuak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak. Jardunaldian parte hartzeko izen ematea, bai birtualki zein presentzialki, zabalik da www.eusko-ikaskuntza.eus web orrialdean. Azaroaren 17an Añanan eta abenduaren 1ean Maeztun beste bi jardunaldi egingo dira, Aldundiak eta Vital Fundazioak babestuta.