Gazteen artean euskaraz garatuko diren kultur proiektuak sustatzea helburu duen Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdia laugarren aldiz abiatu du Oihanederrek. Proposamenak aurkezteko bi hilabeteko epea izango da; zabalik dago jada, eta abenduaren 21ean itxiko da.
Euskal Herriko 16-30 urte bitarteko edozein gazte euskaldunei zuzendutako deialdian aukeratutako hiru proiektuetako bakoitzari crowdfunding kanpaina bat martxan jartzen laguntzeaz gain, 2.000 euroko ekarpena egingo die Oihanederrek. Aurkeztutako proiektu bakoitzak, hori bai, 3.000 euroko aurrekontua izan beharko du gutxienez.
Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren babesa izango du deialdiaren hirugarren edizioak, eta, horrez gain, Gauekoak programarekin eta Itsulapikoa.eus plataformarekin elkarlanean antolatuko da. Hiru proiektu aukeratuko dira, proiektuaren sortzaileen jatorriaren arabera: Arabaz kanpoko proiektu onena —Laboral Kutxa—, Arabako proiektu onena —Vital Fundazioa— eta Gasteizko proiektu onena —Gauekoak eta Oihaneder—.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "edozein ideiak balio du" euskaraz garatzekoa bada eta kulturarekin zerikusirik badu: adibidez, liburu edo disko bat argitaratzea, ekitaldi bat antolatzea, app bat sortzea, bideo-jolas bat garatzea edota euskarazko lelodun kamisetak egitea. Irudimena landuz gero, edozein aukera dago zabalik.
Proposamenak aurkezteko nahikoa da landu nahi den proiektuaren laburpena oihaneder@oihaneder.eus helbidera bidaltzea, oinarrietan azaldutako irizpideak jarraituz.