Atzo, asteazkenean, mahatsaren prezioa ekoizpen-prezioaren gainetik ordaintzea bermatzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa eztabaidatu zen Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. PP izan ezik, talde guztiek babestu zuten talde subiranistaren mozioan oinarritutako erdibideko proposamena.
Adostutako mozioaren arabera, Arabak Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatuko die Elikadura Katearen Legean ezarritakoa betearaztea, bereziki kontratuei dagokienez. Legea hausten den kasuetan, isunak jartzeko aukera planteatzen da.
Horrekin batera, mahatsaren ekoizpen-kostuaren prezioak ikertzeko behatoki ofizialak izango dira. Nekazaritza Saileko foru diputatu Eduardi Aginakok aurkeztutako azterlan baten arabera, kilo bakoitzeko 70 eta 80 zentimo bitartekoa litzateke erreferentziako prezioa.
Ardogileak babesteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aholkularitza eta prestakuntza ematea eskatu zaie foru gobernuari, baita ustiategietan ahalik eta errendimendurik handiena lortzeko "eskura dituzten tresnak" ematea ere.
"Akordio garrantzitsua"
Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak aldarrikatu duenez, "gure nekazariek mahatsagatik bidezko prezioa jaso behar dute, eta prezioak produktuaren kalitateari eta urteetan zein belaunaldietan zehar egindako ahaleginari erantzun behar dio". Bere aldetik, EH Bilduren bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok "akordioa garrantzitsua" dela azpimarratu du, "aspaldi konpondu beharreko arazo bati erantzuna ematen diolako eta mahatsa ekoizpen-prezioaren azpitik inoiz ez ordaintzea ekarriko duelako".