Aurten bai! lelopean eta iazko etenaldiaren ostean, Arabako etxe eta txokoak kulturarteko bizikidetzan murgilduko dira berriz ere azaroaren 14an, igande honetan. Jatorri kultural ezberdineko familiak mahai beraren inguruan eseriko dira, zurrumurru arrazistak eta xenofoboak isilarazteko asmoz.
Aldundiak eta CEAR-Euskadik duela bost urte abiarazi zuten Bizilagunak ekimena, lurraldeko Zurrumurruen aurkako Estrategiaren esparruan, atzerritarrekin lotutako zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipoei aurre egiteko. Iaz, pandemiaren ondorioz, etenaldia izan zuen hitzorduak. Nolanahi ere, azken edizioak 44 nazionalitateko mila lagun baino gehiago bildu zituen Araban 2019an; Euskal Herri osoan egin ziren bazkarietan, berriz, 58 nazionalitateko 2.500 lagun baino gehiago.
Aurtengo bazkariak Arabako bederatzi udalerritan egingo dira: Gasteiz, Amurrio, Laudio, Artziniega, Kanpezu, Agurain, Araia, Maeztu eta Iruña Oka. Izena emateko epea urriaren 31n amaitu zen, eta 32 nazionalitateko 600 pertsona inguruk parte hartuko dute. Amurrion, adibidez, herri bazkaria antolatu dute Juan Urrutia plazan. Laudion, zurrumurruen aurkako herriko taldeak salda prestatuko du, eta Herriko Plazan banatu. Artziniegan, berriz, bilkura txikiagoak egingo dituzte. Kanpezun eta Arraia-Maeztun hurrengo igandean, hilaren 21ean, egingo dituzte bazkariak. Agurainen ez dute topaketarik egingo, Covid-19aren intzidentziaren ondorioz Udalak jarduerak murriztea erabaki baitu.