Zenbait artista arabarrek (Kai Nakai, Annekdotas eta Dupla taldea) zein Paula Fernandez influencerrak esperientziak, hausnarketak eta ikuspuntuak partekatuko dituzte gazte gasteiztarrekin Libre Izan Nonahi topaketan; Gasteizko Udaleko Berdintasunerako Zerbitzuak antolatu du, Udaleko Gazteria Zerbitzuarekiko lankidetzan, indarkeria matxistaren kontrako sentsibilizazio eta prestakuntza estrategiaren barruan. Azaroaren 19an egingo da topaketa, Goiuri jauregian. Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik gonbidapena eskatu behar da. Eskaera egiteko epea ekitaldia baino hogei egun lehenago irekiko da.
Indarkeria matxista prebenitzeko eta horren inguruan sentsibilizatzeko Libre izan nonahi programaren barruan azarorako aurreikusitako jardueretako bat da topaketa. Besteak beste, urteko azken hiruhilekoan Libre Hezi Nonahi lantegiak egingo dira hainbat ikastetxetako DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta erdi mailako eta goi mailako Lanbide Heziketako ikasleentzat; orobat, hezitzaile bikote ibiltari bat harremanetan jarriko da gazteekin zenbait egunetan, indarkeria matxistaren inguruan dituzten bizipenez eta ezagutzaz hausnartzearren.