Maitane Ormazabal Larzabal (TxukuntZEN): “Lan eremuan efiziente eta produktiboagoak izaten laguntzen digu ordenak”

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2021ko urr. 20a, 15:14

Maitane Ormazabal Larzabal antolatzaile profesionala da. Ohitura aldaketetatik abiatuta, hainbat egoera kudeatzeko laguntza eskaintzen die bere bezeroei, Txukuntzen zerbitzuaren bitartez. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu du aurten, ‘Zerbitzua eta Lana euskaraz’ maila. 

Nola definituko zenuke zure proiektua? Zer eskaintzen duzu?

Txukuntzen antolatzaile profesional zerbitzua da. Pertsonak beraien espazio pertsonalean, etxean nahiz lanean, gusturago bizitzea da bilatzen dudana. Niretzat gusturago bizitzea da ondo eta lasai bizitzea. Ordenak erreminta bezala, balio bezala eta bizitza filosofia bezala asko laguntzen du horrela izaten: Txukun bizi, ondo bizi, lasai bizi. 

Norentzat da zure zerbitzua? 

Eskaintza bai partikular eta bai enpresentzat izaten da. Bereziki hiru zerbitzu nagusitan banatzen dut nire jarduera: proiektuak; aholkularitza; eta tailerrak.

Proiektuetan pertsonekin edo lan-taldeekin batera lan egiten dut eta hasieratik bukaeraraino proiektua fisikoki nik egiten dut. Aholkularitzan gerorako eginbeharrak bezeroak egingo lituzke, eta nik aholkuak eman. Tailerretan antolaketa eta ordenaren inguruko gaiak jorratzen dira. 

Txukuntzen.eus webgunean daude zerbitzu guztiak azalduta.

Zein onura ekar ditzake txukuntasun eta antolaketa on batek?

Ordenak hobeto eta lasaiago bizitzera eramaten gaitu. Lan eremuan efiziente eta produktiboagoak izaten laguntzen digu ordenak. Lan eremu txukunak askoz ongizate hobea eskaintzen du eta horrek gure gortpuzean eta gure egoera ainmikoan badu eragina. Horrez gain, lantaldearen inguruko gatazkak murrizten ditu. 

Etxea gure kabia da, energia berreskuratzen dugun espazioa. Gure nahi eta beharretara egotitutako etxe txukun eta goxo batek energia hobea eta positiboagoa ekarriko digu. Gatazkak ere asko ekiditen du. 

Antolaketa edo txukuntze lanetan hasteko, nondik hasi beharko ginateke? Zein gako hartu beharko genuke kontuan?

Niretzat garrantzitsua da minimalismoaren filosofia; gutxiago gehiago da. Gauza gehiegierekin bizi gara gaur egun eta gutxiago izanda hobeto biziko gara. Nondik hasi? Filosofia hau ardatz izanda azterketa bat egin behar da lehenengo. Zer behar dugu gure bizitzan eta gure espazioetan? Nire ustez gure espazioak gure bizitzaren isla dira. Jakin behar dugu zer nahi dugun eta horren arabera erabaki: donazioa, oparia, 2. eskuko denda, Garbigunera… Askotan hustuketa bat egin behar izaten eta hori da gehien kostatzen dena. Psikologikoki burrunba handia sortzen du horrek barruan. Hortik hasita, kategorizatu egingo ditugu gauzak, klasifikazio on bat egin… Esan bezala, gutxiago gehiago da.

Nola egiten duzu zuk lan? Zure aholkularitza nahi badugu, zein prozesu jarraituko zenuke gure etxea/bulegoa antolatzeko?

Etxean zein lan eremuan, nirekin kontaktuan jarri, ni joaten naiz beraiengana eta kontatzen didate zuzenean zein den dagoen gatazka. Ondoren, fisikoki ikusten dut espazioa, aurrekontu bat egiten dut eta, onartzen bada, lanean hasten gara.

Ekintzailea zara. Nola hartu zenuen zure negozioa hasteko erabakia? Laguntzarik izan duzu bidean?

Ekintzailea naiz eta asko gustatzen zait ekintzaile izatea. Beti nahi izan dudan gauza bat da. Familian oso ohituak gaude negozio propioak izaten. Duela lau urte ikusi nuen antolatzaile profesionalaren figura hasi zela ikusten Madril eta Bartzelonan. Niretzat zoragarria izan zen hain gustuko dudan antolaketa eta ordenaren inguruko lanbidea sortzea. AEBetan, Japonian eta Australian, adibidez, urte asko daramatzate antolatzaile profesionalaren figurarekin. Laguntzari dagokionez, EMEKIN programan nago eta gaur egun beraiekin kolaborazioak egiten ditut. Gerora, Mondragon Unibertsitatearen KoopFabrikan egon eta horrekin lotuta Hernaniko Iturola cowordkinean egon naiz. Niretzat oso garrantzitsuak izan dira esperientzia horiek guztiak.

Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duzu berriki. Zer ematen dio euskarak zure proiektuari? Eta Ziurtagiriak, bereziki?

Euskara nire hizkuntza da, oso gustuko dut euskaraz lan egitea eta euskaraz erlazionatzea. Oso harro nago portzentai altu batean nire lana euskaraz egiteagatik. Askotan esaten didate urrutiago iritsiko nintzatekeela euskaraz eta gaztelaniaz egingo banu. Baina, lehentasuna beti euskarak dauka. Bestetik, estrategikoa izan daiteke, xede-publiko euskaldunarengana iristen naizelako. Gainera, bakarrenetakoa naiz euskaraz zerbitzu hau eskaintzen duena. 

Ziutagiriak eskaintzen didana da euskarari garrantzia ematen dioten enpresen artean ezagutzera ematea eta ikus dezatela nik ere garrantzia ematen diodala euskaraz bizitzeari eta euskaraz lan egiteari. 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago