Urriaren 21erako azoka agroekologiko berri bat antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako Campusean; 9:30etik 14:00etara bitartean, hainbat jarduera izango dira.
Alde batetik, Letren Fakultateko klaustroak elikagai ekologikoen eta lokalen informazioa eta salmenta izango duten postuak hartuko ditu: baratzeko jarduera Trokonizko Geroa eskolan (Aitziber Lasa), sasoiko barazkien salmenta (Bittor Elorriaga), txokolatearen ebaluazio sentsoriala (Lasehu), elikagai ekologiko eta lokalak erosteko sarea (Ekolurra), garbantzu entsalada dastaketa (Slow Food), bidezko merkataritzako elikagaien informazioa eta salmenta (Zentzuz), agroekologiari buruzko gurutzegrama eta 50 minutuko bisita gidatuak.
Horrez gain, hiru hitzaldi antolatu dira goizean zehar Farmazia Fakultateko ekitaldi aretoan. Elikadura jasangarria eta kontsumo taldeak izango dituzte mintzagai, Goiuri Alberdi EHUko Nutrizioan doktorearen eta Xabier Lejarzegi Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko koordinatzailearen eskutik.