Txani Rodriguezek irabazi du Euskadi saria, 'Los últimos románticos' liburuagatik

Erredakzioa 2021ko urr. 20a, 12:55
Txani Rodriguez idazlea. ALEA

Aurtengo gaztelaniazko literaturaren ataleko irabazlea izan da idazle laudioarra. Harekin batera, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz eta Javier de Isusi saritu dituzte.

Txani Rodriguez idazleak Euskadi Literatura saria jaso du Los últimos románticos eleberriagatik. Literatura Gaztelaniaz atalean gailendu da Rodriguez. Eleberri horretan, paper fabrika batean lan egiten duen Iruneren istorioa kontatzen da, gizarteak galdu dituen balioei eusten dien emakume bat. Zaintza, elkartasuna edota ingurumenarekiko errespetua dira liburuan zehar azaltzen diren gaietako batzuk. Rodriguezen idazketa "zorrotza" nabarmendu du epaimahaiak, "xehetasunari adi", eta "erritmo narratibo bikaina" duena. "Ahots freskoa du, originala eta berezkoa", erantsi du epaimahaiak.

Saiakera Euskaraz alorrean, Alex Gurrutxagak jaso du saria, Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria izeneko lanagatik. Gaztelaniazko Saiakeran, Mikel Reparaz aukeratu du epaimahaiak, Las grietas de América liburuagatik. Lan Literarioen Ilustrazioa atalean, berriz, Javier de Isusi saritu dute, Transparentes. Historias del exilio colombiano lanagatik.

Gaur goizean Bilboko Azkuna Zentroan egindako ekitaldian eman dituzte sarituen berri, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eskutik. Sarien banaketa ofiziala, berriz, azaroaren 18an egingo dute, Artium museoan.

Erlazionatuak

Faktoria eta baserrien bidetik

Anakoz Amenabar 2021 abu 07 Aiaraldea   Laudio

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide