Hilaren 29an aurkeztuko dute Oleagaren 'Kuartk Valley'

Erredakzioa 2021ko urr. 19a, 17:28
Lehen euskal westernari buruzko dokumentala da 'Kuartk Valley'. / 'Kuartk Valley'

Gasteizko Euskal Zinema Dokumentalaren Astean eskainiko dute, beste lau dokumentalekin batera; hilaren 25etik 29ra izango da, Dendaraban.

Hilaren 29an aurkeztuko dute Kuartk Valley Gasteizen, Maider Oleaga zinemagile gasteiztarraren lan berria. Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen barruan izango da, Vital Fundazioa Kulturunean. Emanaldi guztiak 19:30ean izango dira egunero eta sarrera doan izango da lekuak bete arte.

Euskal Zinema Dokumentalaren VII. Astea datorren astelehenean, hilaren 25ean, hasiko da, eta hilaren 29ra arte, ostirala, euskal profesionalek zuzendutako dokumentalik onenak proiektatuko ditu. Programazioak gai ugari izango ditu: lehenengo euskal emakumezko argazkilariaren bizitza, haurtzaroko urteek gugan uzten duten arrastoari buruzko hausnarketa, familiarekin berriz elkartzea, lehen euskal westerna edo musikari baten bizitza.

Norberaren gela lanak irekiko du astelehenean, hilaren 25ean. Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey ditu zuzendari; Eulalia de Abaituaren laneko argazki bat oinarri hartuta proiektu propioa egiteko enkargua jasotzen duten hainbat emakumezko argazkilariren istorioa da. Eulalia Abaitua lehenengo euskal emakumezko argazkilari eta aitzindaria izan zen 1900eko Bilbon. Dokumentalean bere egilearen obrarekin nahiz bizitzarekin elkarrizketa bat izango dute argazkilariek, eta nolabait beraienekin lotuta dagoela konturatuko dira.

Asteartean, hilaren 26an, Aztarnak-Huellas Maru Soloresen bigarren film luzea izango da protagonista. Zuzendariak bere haurtzarora egindako bidaia pertsonala da: "Gure bizitzako lehenengo urte horiek, gogoratzen ez ditugunak, baina arrasto sakona uzten digutenak. Orain naizen amatik egindako bidaia, behin izan nintzen haurtxoraino".

Amaia eta Aitor neba-arrebak 50 urte betetzetik gertu daude, ez dute seme-alabarik eta gaztetatik jadanik erretiratuta dauden gurasoengandik urrun bizi izan dira. Uda batean, Fantasia izeneko itsas-bidaia batean elkartuko dira eta itsas-bidaiak berak eman dio izena hilaren 27an, asteazkena, emango den dokumentalari. Aitor Merino da zuzendaria, eta sari ugari jaso ditu aurreko lanengatik. Fantasía joan den Malagako Zinemaldian aurkeztu zuten.

El Drogas, Natxo Leuzarena, edizio honetako dokumentalik ezagunena da eta protagonista izango da ostegunean, hilaren 28an. Dokumental biografiko honek, ibai bat balitz bezala, Enrique Villarealen (El Drogas) irudiaren dimentsio eta alderdi guztiak aztertzen ditu. Giza erretratua da, non oroimen indibidualak eta kolektiboak bat egiten duten, gaztelaniazko rock & rolleko irudi garrantzitsuenetako baten ibilbide historikoan eta bizitzan sakontzen duen kontakizuna eskaintzeko.

Generoan ibilbide luzea eginda, Maider Oleagak emango dio amaiera Euskal Zinema Dokumentalaren VII. Asteari, ostiralean, hilaren 29an, Kuartk Valley bere lanaren eskutik. 2005eko amaieran, Kuartangon, bi gizonek amets zahar bat gauzatzeko konpromisoa hartu zuten: mendebaldeko film bat filmatzea. Dirurik eta talde teknikorik gabe, filmeko pertsonaietako batzuk egiteko konbentzitu zuten herriko hainbat jende. Algo más que morir, lehen euskal westerna, 2014ko Almeria Western Film Festivalen estreinatu zen, eta sari nagusietako bi irabazi zituen. Kuartk Valleyk azkenean argitara ateratzen duen abentura kolektibo horren elezaharra egina geratu zen. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide