Gazte Talent lehiaketaren zazpigarren edizioa, martxan

Erredakzioa 2021ko urr. 18a, 18:20
Memphis taldea, Gazte Talent lehiaketaren aurreko edizio batean. / Argazkia: JIMMY JAZZ

14 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Talent 2021 musika lehiaketaren oinarriak plazaratu ditu Jimmy Jazz elkarteak. Arabako bakarlari eta musika taldeek euren lanak aurkezteko aukera izango dute urriaren 20tik azaroaren 16ra.

Pandemiaren unerik latzenak atzean utzi eta zuzeneko kontzertuak zutik gozatzera itzuli gara. Testuinguru horretan, Jimmy Jazz elkarteak urtero antolatzen duen Gazte Talent lehiaketak zazpigarren edizioa ospatuko du 2021ean, Laboral Kutxa, Arabako Foru Aldundia, Araba Euskaraz eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren laguntzarekin. Dagoeneko plazaratu dituzte lehiaketaren oinarriak.

Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Urtero bezala, adinaren arabera bi kategoria daude: Gazte Talent saria, 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat; eta Gazte Talent Laboral Kutxa saria, 25 eta 35 urte bitartekoentzat.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko agiriak aurkezteko epea urriaren 20an hasi eta azaroaren 16ra arte —biak barne— luzatuko da.

Ondoren, hautaketa batzordeak azaroaren 22an jakinaraziko ditu hamar talde finalistak. Finalak, berriz, urteko azken hilean izango dira, abenduaren 5ean, 6an eta 7an, Jimmy Jazz aretoan; halere, data zehatzak aurrerago jakinaraziko dituzte, bi eguneko ekitaldia izan ohi da eta.

Sariak

Talde finalista guztiek 200 euroko saria jasoko dute finalean parte hartzeagatik. Horrez gain, honako hauek izango dira aurtengo sari nagusiak:

  • Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Gazte Talent Laboral Kutxa kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera. Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.
  • Accesita emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian). Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.

Azkenik, epaimahaiak abenduan ezagutaraziko du bere erabakia, finalen ostean. Gainera, sailkatutako talde guztiek beren kontzertuaren kalitate handiko grabazioa jasoko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide