Haziaraba in the Maping jaialdia jaio da

Erredakzioa 2021ko urr. 18a, 18:01

'Susurros del bosque' antzerki lana./ Teatr Animacji

Lehenengo edizio honek antzezpenak, hitzaldiak, ikastaroak eta lantegiak barne hartzen ditu, eta azaroaren 2tik abenduaren 5era bitartean garatuko da.

Haziaraba in the Mapping jaialdia aurkeztu dute gaur, Haurtxoak proiektuari jarraipena emango dion egitasmoa. "Ekitaldi horren bidez, 1 eta 6 urte bitarteko umeei eta haien familiei arte eszenikoetara hurbiltzeko aukera ematen diegu, eta, horrela, ikusle berriak sortzen laguntzen dugu, Gasteizen ez ezik, baita lurralde osoan ere", azaldu du Estibaliz Canto kultura zinegotziak. Programak Mapping Europa Sortzailea proiektuaren barruko lau koprodukzio aurkeztuko ditu Nazioarteko 46. Antzerki Jaialdian, baita beste ikuskizun bat eta ikastaro bat ere; proiektu horrek Europako 17 herrialdetako 18 bazkide biltzen ditu.

Udal antzokietako egitaraua azaroaren 20an (larunbata) hasiko da: Teatro Paraisok Leihoak lana eskainiko du Federico Garcia Lorca antzokian. Hilaren 21ean (igandea) La Petita Malumaluga taldeak hartuko dio lekukoa; La luna en un cazo proposamena aurkeztuko du, Felix Petite antzokian. Biak 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat dira.

Hurrengo asteburuan beste hiru emanaldiz gozatu ahalko dute Gasteizko ikusleek. Hilaren 27an (larunbata), Herbeheretako De Stilte konpainiak Espera un minuto lana antzeztuko du Felix Petite antzokian; 28an (igandea), Poloniako Teatr Animacjiren Susurros en el bosque ikusi ahalko da Federico Garcia Lorca antzokian, eta Alemaniako Helios Theater taldearen Frü Stück, Felix Petite antzokian. Lehenengo biak 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzat dira, eta azkena, 3 eta 5 urte bitartekoentzat. Obra bakoitzaren 2 emanaldi eskainiko dira, 12:30ean eta 18:30ean.

Jarduera osagarriak

Udalaren Antzoki Sarearen programazioa arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako ikastaro batez osatuko da: Jesus Nieto sortzailearen Irudien dramaturgia. Azaroaren 21etik 23ra bitartean izango da, Federico Garcia Lorca antzokian. Gainera, jaialdiak hainbat jarduera osagarri antolatu ditu, hala nola Kulturarekin hazi. Artearen eta jolasaren balioa lehen haurtzaroan gaitzat duen hitzaldi kolektiboa. Hainbat eskola, familia eta kultura-testuingurutan lehen haurtzaroa arteekin lotzeko duten hausnarketak eta esperientziak azalduko dira, nazioartekoak eta tokikoak. Azaroaren 2an izango da, 18:00etan, Ignacio Aldecoa kultur etxean. Teatro Paraisok testuinguruan kokatuko ditu Irene Fernandezek (Createctura) eta EHUko Heziketa ikerketa-taldeak (Ainhoa Gomez) aurkeztutako proiektuak.

Gainera, Gasteizko Udalaren Haur Eskolen Sareak argazki erakusketa bat antolatuko du, hezitzaileek azken urteotan sortutako instalazioak erakusteko. Bestalde, arte berrikuntzarako Kunarte zentroak, 0-6 urte bitarteko umeei eta haiekin doazen helduei zuzenduta, estatu mailako sorkuntzak eta egonaldi artistikoak hartuko ditu, baita Bartzelonako Zinema eta Hautzaro jaialdiarekiko lankidetza ere. Boloniako (Italia) Haurrentzako Liburuen Nazioarteko Azokak sortutako Umeak, ikusle erakusketak, topaketa kulturalek, lantaldeek, instalazioek eta arte esploraziorako lantegiek ere osatzen dute jaialdiaren programa.

Etorkizunari begira, azaroaren 16rako topaketa bat proposatu da, Agertoki berriak irudikatuz gaiaren inguruan. ikus-entzuleek programazio eszenikoan aktiboki parte hartzea da asmoa, ikuskizunak eskaintzen dituztenen (programatzaileak eta artistak) eta umeekin batera antzerkira doazenen (familiak eta irakasleak) arteko hausnarketa eta interakzioa bultzatuz.

Esperientziak Araban

Haziaraba in the Mapping jaialdiak Araban eskainiko duen programari dagokionez, umeentzako estimulazio artistiko goiztiarreko landa-jaialdiaren laugarren edizioa aipatu beharra dago, 0 eta 5 urte bitarteko umeei eta haien familiei zuzendutakoa. Proiektu kolektibo hori Aldundiaren Kultura Planean sartuta dago, eta Arabako bederatzi udaletako eragile artistiko eta kulturalek, familiek eta haur-eskolek parte hartzen dute: Agurain, Amurrio, Aramaio, Iruña Oka, Bastida, Laudio, Oion, Legutio eta Dulantzi. Horietan diziplina arteko programazio bat prestatu da, besteak beste, hainbat musika-estilotako hiru musikari arabarren kontzertua: Laura Marcos (oboea), Koldo Uriarte (teklatua) eta Sergio Lopez de Landatxe (perkusioa) musikariek beren sormena batu dute soinu-unibertso bat sortzeko, txikiak horretan murgildu eta atseginez nabigatu ahal izateko. Horrez gain, Teatro Paraisoren Ventanas eta Bihotz bihotzez ikuskizunak taularatuko dira Arabako herri horietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago