Euskal Hezkuntza Sistema: adituekin solasean, herritarren azpimarra. Izenburu hori izango du Gasteizko Europa biltzar jauregian antolatu duten sinposioak, urriaren 22an arratsaldez eta 23an goizez izango dena. Eusko Ikaskuntza eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta, xedea herritarren eta hezkuntza komunitateko kideen iritzia jaso eta aditu zein arituen ikuspuntuarekin kontrastea egitea da.
Sinposioa hiru hausnarketarako ardatzen inguruan antolatu dute: hezkuntza, aniztasuna berdintasunean; hezkuntzaren antolamendua; eta hezkuntza ezagutzaren gizartean. "Adituekin solasean, aipatutako gaietan dauden gako teorikoak ezagutzea eta horien inguruko herritarren azpimarrak jasotzea izango dira sinposioaren helburu nagusiak. Horretarako, adituen ekarpenak hausnarketarako abiapuntu gisa hartuta, ariketa telematikoa burutuko da partaide guztien ahotsa jasotzeko", azaldu dute Eusko Ikaskuntzatik.
Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak egingo dute irekiera instituzionala. Ondoren, Eusko Ikaskuntzak paraleloki Hezkuntza Sistemari buruzko hausnarketa sakon eta zabal baten inguruan garatzen ari den lan-programaren ildo nagusiak aurkeztuko ditu. Jarraian, lehenengo atalari hasiera emango zaio hizlariekin: Adriaan Zancajo Villa (Manchesterko Unibertsitatea), Xavier Bonal (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) eta Amelia Barquin Lopez (Mondragon Unibertsitatea).
Larunbatean, hilaren 23an, goizeko saioan, Gonzalo Larruzeak (Didaktikan eta Eskola Antolakuntzan doktorea), Andoni Eizagirrek (Mondragon Unibertsitatea) eta Itziar Ostolazak (Errenteriako Udala) hitz egingo dute Hezkuntzaren antolamenduaren atalean. Hezkuntza ezagutzaren gizartean blokeari hasiera Daniel Innerarityk (Ikerbasque) emango dio bere hitzaldiarekin. Ostean, Ezagutzaren gramatika partekatuaren bila? mahai-inguruaren bueltan, Aran Garcia Lekue (Ikerbasque), Haizea Barcenilla (UPV/EHU) eta Sabin Azua (aholkularia) bilduko dira, Nora Salbotx moderatzaile.
Sinposioan parte hartu nahi duen orok izena eman dezake www.eusko-ikaskuntza.eus web orrialdean, eta on-line ere parte hartzeko aukera eskainiko da. Informazio gehiago hemen.