Arabako Ogasunaren diru-bilketa %21,2 hazi da irailean

Erredakzioa 2021ko urr. 14a, 12:30

Iaz, kuoten kobrantza geroratu egin zuen Arabako Foru Ogasunak. / AFA

Aurreikuspenak gaindituz, Arabako Foru Ogasunaren diru-bilketa metatua 1.544 milioi eurokoa izan da irailean.

Arabako Foru Ogasunak 2020ko irailean baino 270 milioi euro gehiago (%21,2ko igoera) bildu ditu aurtengo irailean; zehazki, 1.544 milioi euroko diru-bilketa metatua lortu du. Horrela, urteko lehen hiru hiruhilekoetarako aurreikuspenak gainditu egin ditu Arabak, lurraldean enplegua eta jarduera ekonomikoa suspertzeko joera positiboari eutsiz.

Zuzeneko zergak

Zuzeneko zergei dagokienez, diru-bilketa 779,4 milioi eurokoa izan da (+%16,4). Iaz bildutakoarekin alderatuta, PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren bilketak emaitza oso positiboa izan dute. Nolanahi ere, Itziar Gonzalo Ogasun diputatuak azpimarratu du emaitza ez dela zuzenean konparagarria, aurreko urtean kuoten kobrantza geroratu egin zelako pandemiaren ondorioz.

  • PFEZaren bitartez 611,3 milioi euro (+%18,4) bildu dira. Lan atxikipenen joerak positiboa izaten jarraitzen du, eta kontzeptu horrengatiko diru-bilketa %4,3 igo da; horrek esan nahi du Arabak enplegua berreskuratzen jarraitzen duela.
  • Sozietateen gaineko Zergaren bitartez 122,3 milioi euro (+%16,3) bildu ditu Ogasunak. Kuota diferentzialaren bilketa metatua 97,2 milioi eurokoa da, aurreko urtean baino %22,7 gehiago; hala ere, kontuan hartu behar da, zerga aurkezteko eta kobratzeko epea geroratzearen ondorioz, datuak ez duela oraindik kontzeptu horren benetako egoera islatzen.

Zeharkako zergak

Bestalde, zeharkako zergei dagokienez, 656,2 milioi euro (+%26) bildu dira. Zeharkako zergek jarduera ekonomikoa modu berehalakoagoan islatzen dute, eta bilakaera positiboa izaten jarraitzen dute urteko lehen hiru hiruhilekoen ondoren, 656,2 milioi euroko bilketarekin; hau da, 2020an baino %26 gehiago.

  • BEZaren bitartez 437,2 milioi euro (+%33,6) bildu dira. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan diru-bilketan mantendu den bilakaera positiboak adierazten du jarduera ekonomikoa suspertu egin dela Araban, pandemiaren ondorioz iaz erregistratutako geldialdiaren ondoren.
  • Hidrokarburoen gaineko zergaren bidez 142,2 milioi euro (+%17,7) jaso ditu Ogasunak; goranzko joera horrek lurraldearen jarduera ekonomikoa pixkanaka normaltasunera itzultzen ari dela adierazten du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago