Guardia Zibilak sekretupeko operazioa abiatu du Guardian eta Gasteizen

Erredakzioa 2021ko urr. 11a, 13:30

Guardia Zibilaren kuartela, Guardian (Arabako Errioxa). / GOOGLE MAPS

Sumario-sekretupeko operazio baten barruan, Guardia Zibilak gutxienez bi dispositibo jarri ditu martxan Araban, Guardian eta Gasteizen.

Prentsa agentziek jakitera eman dutenez, astelehen goizean, 7:00ak aldera, Guardia Zibilak dispositibo bat jarri du abian Guardian (Arabako Errioxa), sumario-sekretupean dagoen operazio baten barruan. Antza denez, Guardiako dispositiboa dagoeneko itxi badute ere, operazioa zabalik dago eta EAEko udalerri gehiagotara zabaldu da.

Dirudienez, operatiboa Arabako hiriburura ere hedatu da; izan ere, Lakua auzoan Guardia Zibilaren zenbait mugimendu ikusi dira. Oraingoz, iturri ofizialek ez dute bestelako xehetasunik eman, operazioa sekretupean baitago.

Hala ere, operazioak armen eta drogen trafikoarekin lotura izan dezakeela zabaldu dute hainbat hedabidek. El Correo egunkariak, adibidez, honako lerroburua erabili du: "Kolpea Arabako gazte delinkuentziari"; ikusteke dago, ordea, iturri ofizialen arabera zeintzuk den operazioaren nondik norakoak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago