Urte eta erdi pandemia betean izan ostean, EAEk atzean utzi ditu neurri murriztaile gogorrenak. Gainera, horrek ez du eragin negatiborik izan datuetan, edo behintzat hori ondorioztatu daiteke momentuz Osakidetzak plazaratutako azken buletinetik —jada ez ditu datuak egunero eskainiko, astero baizik—.
Arabari dagokionez, intzidentzia tasa metatua 46,06 kasuetan egonkortu da, eta azken hiru egunetan, asteburuan zehar, soilik 20 positibo berri erregistratu dira gure lurraldean: hamar ostiralean, sei larunbatean eta beste hiru igandean. Horietako hamahiru hiriburuan, Gasteizen; beste bat Kripanen (Arabako Errioxa); beste lau Aramaion (Gorbeialdea); eta beste bi Agurainen.
Ospitaleen egoerari dagokionez, gaur egun 48 pertsona daude ingresatuta EAEn Covid-19aren ondorioz; hala ere, ZIUen egoera hobetu da, eta une honetan 29 paziente baino ez daude.
Bestalde, immunizazio-kanpaina 12 urtetik gorako biztanleen ia %90era iristear dago: %89,3k txertaketa osoa, eta %90,5ek dosi bakarra. Gaur egun, 20 eta 29 urte bitarteko adin tartea da txerto gutxien jaso duena: %75,8k immunizazio osoa burutu du, eta %78,6k dosi bakarra jaso du.
OSAKIDETZAREN BULETINA | 2021/10/11