Presoen eskubideen aldeko 190 kilometro egin ditu Arabako Itzuliak

Erredakzioa 2021ko urr. 11a, 10:30

Arabako Itzuliaren amaiera ekitaldia, Gasteizko Foru plazan. / Argazkia: SARE

Urriaren 7tik 9ra bitartean, Arabako Itzuliak elkartasunez beteriko 190 kilometro egin ditu lurraldean zehar, euskal presoen eskubideen alde eta urruntze politikaren kontra. Larunbatean ehunka lagun bildu ziren Gasteizen, amaiera ekitaldian.

Sare Herritarraren Ibilian-ibilian etxerako bidean dinamikaren barruan, Araba ere martxan jarri da asteburu honetan. Urtarrilaren 7tik 9ra, ostegunetik larunbatera, Sare Herritarrak antolatutako Arabako Itzulia lurraldeko 35 herri baino gehiagotik igaro da, 45 urratsetan, "elkartasunez beteriko" 190 kilometroko ibilbide batean.

"Oraindik euskal presoen gehiengoari eta ondorioz euren senideei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzea" aldarrikatu dute hiru eguneko ibilaldi batean, oinez eta gelditu gabe.

Ostegunean, 15:00etan Aguraindik abiatu zen elkartasun itzulia, Nafarroan aurreko astean egindako biraren lekukoa hartuta. Ondoren, Kanpezuraino abiatu ziren, eta, bertan afaldu ostean, Arabako hegoaldea zeharkatu zuten.

Ostiral goizean, hilaren 8an, Trebiñun gosaldu eta Zaballako espetxera iritsi zen martxa, euskal presoen eskubideen aldeko aldarriak espetxe barrutik entzunarazteko. Arratsaldean, Amurrioraino joan ziren, eta ekitaldi musikatu bat egin zuten herriko plazan. Gau horretan, Gorbeialdea zeharkatu zuten Gasteizeraino iritsi arte.

Urriaren 9an, larunbatean, Gasteizen sartu ziren 9:30ak aldera. Bertan, hainbat eragilek Arabako Itzuliaren lekukoa hartu zuten, eta, Ttek elektrotxarangak girotutako kalejiraren ostean, Foru Plazan amaitu zen ekimena, ekitaldi batekin.

Laburpen bideoak

Presoen etxeratzea eta graduen progresioa

Bi izan dira Arabako Itzuliaren aldarri nagusiak. Alde batetik, euskal preso guztien euskalherriratzea; bestetik, graduen progresioa. "Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharreko bidea", azpimarratu du Sarek.

"Legez, euskal herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, zigorraren hiru laurdenak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara", gaineratu dute. "Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Orain arte moduan, zuon guztion indar eta bultzadaz".

Urriaren 23an izango da Sare Herritarraren hurrengo hitzordua: 17:00etatik aurrera, "bizikidetza, bakea eta konponbidea" aldarrikatuko ditu Donostiako kaleak zeharkatuko dituen manifestazioak. "Zain dugun bidea luzea da, eta ez da izango zailtasunik gabea, baina ematen dugun pauso bakoitzean aurrera egiten ari gara. Horregatik, aprobetxa dezagun une hau eta amaitu dezagun eskubide urraketa guztiekin", adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago