Julen Martinez de Estibarizek irabazi du Hiru Haundiak mendi lasterketa

Julen Martinez de Estibariz arabarrak irabazi du Hiru Haundiak mendi lasterketa; Aser Arza eta Ander Erice berarekin izan dira podiumean. Maite Maiora, emakumeen errekorra hautsiz, Oihane Perez eta Janire Fernandez de Olanorekin igo da.

Pandemiaren ondorioz 2020an bertan behera geratu ostean, Hiru Haundiak mendi lasterketaren XXII. edizioa asteburu honetan itzuli da Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendien tontorretara. Urriaren 9an, larunbatean, 00:00etan hasi zen lasterketa: gau hotz eta zeru oskarbirekin, 875 lagunek Murgiatik Gorbeiako gurutzerako bideari ekin zioten, frontalekin bidea argituz.

Julen Martinez de Estibariz arabarra berehala nabarmendu zen faborito gisa, eta Ubidetik aurrera bakarrik egin du ibilbide osoa; 11 ordu, 13 minutu eta 30 segundoko denboran iritsi da Araiako helmugara. "Niretzat proba hau oso berezia da, ibilbidetik 5 kilometrora bizi naiz eta hemendik entrenatzen dut; ibilbidea eta markaketa posible egiten dituen jendeari eskaini nahi diot", adierazi zuen irabazleak, helmugara iritsi bezain pronto.

Bere atzetik, Aser Arza bizkaitarra iritsi zen bigarren postuan, 11:36:14ko denboran; hirugarren postuan, berriz, Ander Erice, 11:44:28ko denboran.

Emakumeen errekorra, hautsita

Lehen hiru sailkatuengandik gertu, 12:09:39ko denboran, Maite Maiora irribarretsu iritsi zen helmugara; bosgarren postu absolutuan, eta emakume batek martxa handi horretan egindako markarik onena lortuz. Izan ere, mendaroarrak 40 minututan hobetu zuen Silvia Triguerosek 2014an osatutako marka (12:48:22). "UTMBn erretiratu nintzenetik, eta han bertan dortsala kendu gabe, erabaki nuen nire hurrengo erronka Hiru Haundiak zela, hemen baitut bihotza", ospatu zuen Maiorak.

Emakumezkoen podiumean, Oihane Perez bizkaitarrak lortu zuen bigarren postua (15:21:39), eta Janire Fernandez de Olano arabarrak hirugarrena (16:10:07).

Podiuma

Manuel Iradier Elkarte Txangozaleak 1987tik sustatutako probaren edizio honetako gainerako partaideak 24 orduko epearen barruan iristen joan ziren, emozioz eta pozez beteta. Elkarteak eskerrak helarazi dizkie boluntarioei eta laguntzaileei "egindako ahaleginagatik, proba hori ezin izango litzatekeelako gauzatu haien inplikaziorik gabe".

Honela gelditu ziren gizonezkoen zein emakumezkoen podiumak:

Gizonezkoak

  1. Julen Martinez de Estibariz: 11:13:30
  2. Aser Arza: 11:36:14
  3. Ander Erice: 11:44:28

Emakumezkoak

  1. Maite Maiora: 12:09:39
  2. Oihane Perez Reguera: 15:21:39
  3. Janire Fernandez de Olano: 16:10:07

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide