Gaurtik aurrera, Vital Fundazioaren ingurumen webgunearen bitartez kontsulta daiteke Araba herriz herri, lurralde osoko —Trebiñu barne— herriak bizikletaz, BTT edo errepide motako zikloturismoan, ezagutzeko gida interaktiboa: 500 herri, 71 ibilbide, 4.000 kilometro baino gehiago...
Plataforma bisitatzen dutenek ibilbide eta herri bakoitzeko mapa interaktiboak, errutometroak eta banakako fitxak topatuko dituzte, besteak beste. Halaber, webguneak hiru atal ditu: historia —proiektua sortzeko prozesua, sortu zenetik gaur egungo plataformara arte—, ibilbideak —altimetria, datu teknikoak eta track-ak deskargatzeko estekak— eta herriak. Fitxetan, gainera, herri bakoitzari buruzko informazio historiko-kulturala eta argazkiak topa daitezke.
Egitasmoa Vital Fundazioak ingurumenarekin lotutako konpromisoaren barruan kokatzen da: "Araba lurralde ezin hobea da bizikletaz ezagutzeko", azpimarratu du fundazioko zuzendari exekutibo Axier Urrestik. "Gure asmoa jendea gure herrietara erakartzea da, herri guztiak ezagutu eta balioesteko. Proiektu bizia da, jendearen ekarpenen bidez informazioa hobetu daiteke eta".
1994an abiatutako proiektua
Araba herriz herri egitasmoaren jatorria Jose Luis Ruiz de Infante Zazpi-k 1994an idatzitako Araba herriz herri: 31 ibilbide BTTn Arabako herri guztietan zehar argitalpenean dago; urte horretan bertan, Trebiñu herriz herri, Trebiñuko 52 herrietatik BTTn lanarekin osatu zuen lehen argitalpena.
Lekukoa David Monterok hartu zuen 26 urte beranduago, 2020an. Izan ere, Zazpi-k idatzitako gidaren ibilbide guztiak egin zituen Monterok, eta sare sozialetara igo zituen. Ondoren, Iñaki Jimenez batu zen proiektura, ibilbide horiek zeharkatzen dituzten herrietako informazio historiko-kulturalarekin ekarpena eginez.
Bestalde, elkarren berri izan gabe, Enneco Viana, Udalaitz Roa eta Alberto Diaz txirrindulariek osatutako Eje Pedalierren taldea antzeko proiektu bat garatzen hasi zen errepideko bizikletarekin: Araba osoa bizikletaz.
Hori guztia bildu, forma eman eta proiektu berri batean aurkeztu du Vital Fundazioak, Alexander Peredaren laguntzarekin.