Kalea bizi

Ixo!

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2021ko urr. 10a, 10:00

PIXABAY

Agian nahi gabe gure txikiei gauza gutxi kontatzen dizkiegu, nahi ez duguna ez ikasteko...

Behin batean, Gigi Bigot Frantziako narratzaileak antzinako ipuin bat kontatu zidan ezpainen gainean dudan zimurra sakonegi omen dudan aitzakiaz:

Esaten dutenez, gure arima, amaren sabelaren barruan osatzen ari denean, kanpoan entzuten diren hitzez eta istorioez elikatzen da. Bederatzi hilabetez entzuten, 270 egun amaren inguruan gertatzen den guztia entzuten, gizakiok kontatzen duguna eta naturak berak kontatzen duena, amaren gorputzaren soinuak eta sentsazioak sehaska modura. Entzunez ikasten, isilpean emozionatzen. Erditzearen unean, hanka gorriak ikasitako guztia bota nahi du, irrintzi sakon eta ozen batez; baina aluaren sarreran, hantxe bertan, bizitzaren aingerua dago eta bere hatz erakuslea luzatu eta hanka gorriaren ezpain erdian jartzen du, indarrez, isiltzeko keinua eginez; haurrak ez dezala kontatu entzundako guztia, ikasitako guztia. Agian, gehiegi dakien norbait arriskutsua delako. Ixo! eta ahaztu askatasunez entzundako guztia!

Ipuinak dio orain haurraren betebeharra amaren sabelean ikasitako guztia berrikastea dela. Eta nik hala dela diot, baina orain haurrak ez du askatasunez ikasiko. Ikasi duen lehenengo gauza isilik egotea da; ez kontatu, ez esan, isildu sentitu duzuna, hunkitu zaituena. Ixo! 

Entzuten, kontatzen, galdetzen duen haurra arriskutsua da, jolasten duena bezala; irudimena pizten zaielako, sortzen dutelako eta den dena birplanteatzen duelako; eta agian, gure helduen munduaren zutabeak zartatuko ditu...

Agian nahi gabe gure txikiei gauza gutxi kontatzen dizkiegu, nahi ez duguna ez ikasteko... Hori bai, irakatsi irakasten diegu, eskolako jakintsuenak izan behar direlako, familiako azkarrenak, "ze ondo dakien dena" bat izateko; baina irakatsitako guztia kontrolpean. Emozioak menperatu behar ditu, irakurtzen ikasi behar du; elefanteak marroiak dira eta ez berdeak, ezin du kolorez margotu bere gorputz txikia. Bere izaera. Izaera? Hori ez da irakasten, hori sentitu behar da, askatasunez, helduen, gizakien eta hezkuntzaren tontakeriarik gabe... Ilargia zerez egina dagoen jakiteak zertarako balio du zure gurasoek elkar nola ezagutu zuten ez dakizunean. Zertarako balio du tolerantzia lantzea Koloretako munstroaren bidez, kalean jolasten ez badu hori sentitzeko? Haurrak entzun behar du, bere inguruak esaten diona entzun behar du; eta guk, helduak, inguruari hitz egiten, kontatzen utzi behar diogu; eta gure mundua azaldu hanka gorriari, amaren sabelean gertatu zen bezala.

Nik ezpainen gaineko zimurra sakonegia omen daukat, agian aingeruak indar handia egin zuelako bizitako guztia ez kontatzeko; eta hemen nago 51 urte eta gero egunero ikasten, kontatzen eta garrantzitsuena dena, entzuten 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago