TOKIKOM Sariak

Tokikom Sarietako Komunitatearen Saria bozkatzeko epea zabalik

Erredakzioa 2021ko urr. 8a, 11:30

Tokikom Sarien 2019ko edizioa. / TOKIKOM

Azaroaren 12an banatuko dira aurten Tokikom Sariak, toki komunikabideen lana aldarrikatzeko eta gizarteratzeko helburuarekin. Urriaren 20ra bitartean, publikoak erabaki ahal izango du Komunitatearen Saria.

Martxan dago Tokikom Sarien seigarren edizioa, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Sariok Tokikomek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Maria Gonzalez Gorosarrik eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 57 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.

Komunitatearen saria

Joan den urtean bezala, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen Saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsa emateko asmoz.

Bozketa egiteko epea zabalik izango da urriaren 20ra arte, Tokikomen webgunean edo albiste honen behealdean:

Tokikomek gonbidapena zabaldu du euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. Tokikomeko komunikazio arduradun Joxe Rojasek azaldu duenez, "alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin".

Sari banaketa eta jardunaldiak

Tokikom Sarien banaketa azaroaren 12an izango da, tokiko komunikabideen erronken inguruko jardunaldi batzuen baitan. Ekitaldiaren inguruko xehetasunak laster jakinaraziko dira.

FINALISTAK

BOZKATU HEMEN

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago