EGURALDIA

Egun dotoreak mendirako... egunez behintzat

Erredakzioa 2021eko urriaren 8a

Hiru Handiak zapaltzear diren honetan, giro eguzkitsua iragarri dute. Gauzez ez da hotz gehiegirik izango, baina ez mahuka hutsik ibiltzeko modukoa.

Gaur goizean ez da lanbrorik faltako, baina, hori altxatzean, egun dotorea geratuko da, oskarbi eta hodei gutxirekin. Arratsaldean haizea zakartuko da. Eguzkia ez dagoenean, eutsi jertseari: 6 eta 18 gradu arteko tenperaturak izango dira.

Larunbaterako, antzeko menua: lainoa goizez eta hodei gutxi. Gauerako, ordea, hodeiak pilatzen joango dira, eta haizea indartuko da, ipar osagairekin. Tenperaturen tartea ere, bere horretan, 5 eta 18 gradu artean.

Igandean, bezperako hodei horiek mantenduko dira, eta zerua tarteka hodeitsu egongo da. Haize ahula eta aldakorra ibiliko da, batez ere goizean goiz eta azken orduetan. Ez da horrenbeste hotzik izango goiz eta gauean, 9 eta 17 gradu arteko tenperaturak iragarri dituzte eta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago