Movistar taldean arituko da Oier Lazkano

Erredakzioa 2021eko urriaren 7a

Hiru denboralditarako sinatu du Movistarrekin Lazkanok. / Team Caja Rural-RGA

Txirrindulari gasteiztarra Movistarren laugarren fitxaketa izango da datorren denboraldirako

Oier Lazkano (Gasteiz, 1999) Movistar Team taldean arituko da hurrengo hiru denboraldietan; hala, 2022rako taldeak egiten duen laugarren fitxaketa izango da honakoa. Oscar Rodriguez, Max Kanter eta Alex Aranburu bezala, taldea indartzeko heldu da gasteiztarra, Movistarretik azaldu moduan. 2024ko abenduaren 31ra arte izango da taldean.

Caja Rural-RGA etxean aritu ostean, Movistarrera helduko da 29 urteko gaztea. "Gaitasun handiko ziklista da Oier. Talentu handikoa, nekaezina, eta hamaika ihesalditan parte hartu eta erakustaldia eman duena beti. Potentzia handikoa", azaldu Eusebio Unzue Kirol zuzendariak. Aurtengo denboraldian, txirrindulari oso garrantzitsua izan da Caja Rural taldean, eta Euskal Herriko Itzulian, Donostiako Klasikoan eta Espainiako Itzulian parte hartu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago