Buruko gaitzak, mitorik gabe

Erredakzioa 2021ko urr. 6a, 17:31

Kanpainaren aurkezpenaren irudia. VITAL FUNDAZIOA

'Mitoak apurtuz, errealitateak eraikiz' lemapean kanpaina bat abiatuko du Asafes elkarteak urriaren 10ean, Buruko Osasunaren Munduko Egunarekin batera.

Urriaren 10ean mundu osoan ospatzen den Buru Osasunaren Egunaren harira, Asafes elkarteak buruko osasunaren inguruko errealitateak ezagutarazteko hainbat ekimen abiatu ditu. Helburu horrekin, buru gaixotasunaren inguruan dauden sinesmen faltsuak eta desinformazioarekin bukatu nahi duen ikus-entzunezkoen kanpaina bat martxan jarri dute, "gure gizartearen osasuna hobetzeko eta buruko gaixotasuna lehen pertsonan bizi dutenen eskubideen alde borrokatzeko".

Bideo bat da kanpainaren euskarri nagusia, 'Mitoak apurtuz, errealitateak eraikiz' izena duen produkzioa hain zuzen. Horretan, adin desberdinetako pertsonak, bizitza ikusteko eta bizitzeko modu desberdinak dituztenak, eta buru gaixotasunarekin harremana du- ten edo ez duten gizon eta emakumeen testigantzak bildu dituz- te. "Mito horietako batzuei heltzen diegu eta horiei buruz hausnartzera animatu gara", azaldu dute Asafes elkarteko kideek.

Urriaren 6tik 10era, bideoa piluletan partekatuz joango diraelkarteko sare sozialetan –Facebook eta Instagramen–, landutako gai bakoitza sakon jorratuz; eta Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean bertan, bideo osoa zabalduko dute. "Asmoa gaia biralizatzea da, eta ahalik eta pertsona gehienengana iristea".

Horiz argiztatuko dira eraikinak

Bestalde, urriaren 8an, elkarteak aireko argazki bat antolatu du Olarizuko zelaietan, elkarteko kideekin eta ekimenarekin bat egin nahi duen pertsona ororekin, desberdintasunekin amaitzeko beharra adierazi eta aldarrikatzeko.

Gainera, urriaren 10ean, Gasteizko Udaleko, Foru Aldundiko eta Arabako beste udalerri batzuetako eta Vital Fundazioko eraikinak horiz argiztatuko dituzte, buru osasunaren aldeko adierazpen gisa. Buru osasuna pertsona guztien eskubidea dela aldarrikatu nahi dute, egoera pertsonala, ekonomikoa, soziala, hezkuntzakoa eta abar edozein dela ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago