Larunbatetik aurrera, ohiko jarduna berreskuratuko dute Gasteizko igerilekuek

Erredakzioa 2021ko urr. 6a, 17:20

Pandemiaren aurreko edukiera berreskuratuko dute kirol instalazioek. / Alea

Aurrerantzean ez da hitzordua eskatzeko sistema erabili beharko

Gasteizko Udalaren kirol instalazioetan pandemiaren aurreko edukiera berreskuratu ahalko da, eta igerilekuak ere barne hartuko ditu egoera berriak; urriaren 9tik aurrera (larunbata), ohi bezala funtzionatzen hasiko dira, hau da, ez da hitzordua eskatzeko sistema erabili beharko, pandemiak eragindako murrizketengatik egin behar zen bezala.

Ostegunetik aurrera udal igerilekuetan igeri egiteko tartea erreserbatzeko sistema informatikoan ez da larunbaterako txanda hartzeko aukerarik izango, egun horretan hasiko baita ohi bezala funtzionatzen. Ordura arte, hori bai, ostegunerako eta ostiralerako erreserba egin ahal izango da. Ostegun eta ostiralerako erreserba egina duten pertsonek azken hilabeteetan egin den bezala erabili ahalko dituzte igerilekuak.

Gizarte-etxe eta kiroldegietako instalazioetan egin ohi diren kirol-jardueretan ere edukieraren %100 berreskuratuko da. Udalak programatutako jardueren kasuan, edukiera % 75era handitzeak eskain zitekeen gehieneko leku-kopurura iristea ekarri zuen, baina leku gehiago eskaintzerik dagoen aztertuko da. Instalazioei dagokienez, Lakuako pilotaleku estalia berriro ere kirol-jardueretarako erabiltzen hasiko da, joan den astera arte txertaketa zentro gisa funtzionatu ondoren. Datorren astetik aurrera berreskuratuko du instalazio horrek ohiko erabilera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago