Agiñaga, Larrea eta Araiako gaztak, Arabako onenak

Erredakzioa 2021ko urr. 6a, 12:00

Jose Ramon Martínez irabazlea, Nekazaritza diputatuarekin. Argazkia: @Artzai_Gazta

Aguraingo gazta lehiaketa Agiñagako (Aiara) Larrabe baserriko Jose Ramon Martinezek irabazi zuen atzo. Bigarren postua Larreako (Barrundia) Patxi Lopez de Uraldek lortu zuen; eta hirugarrena Araiako Unai Lekuonak.

Astearte honetan, Arabako Artzai Gazta Lehiaketaren 35. edizioa Agurainen ospatu zen, Arrosarioko Andre Mariaren omenezko jaien inguruko kultur astearen barruan, pandemia dela eta, ohiko jaietatik mantendu den ekitaldi gutxietako bat izanik. Mendeak dira urriko lehen asteartean nekazaritza eta abeltzaintza azoka ospatzen dela Agurainen.

Hamaika gaztagile lehiatu ziren lurraldeko artzai gazta Idiazabal baserrikorik onena aukeratzeko hitzorduan; guztira, ardi latxaren esnearekin egindako, ustiategian bertan ekoiztutako eta pasteurizatu gabeko hamaika gazta bildu ziren. Lehen hamar sailkatuek Euskal Herriko lehiaketan parte hartu ahal izango dute zuzenean, urriaren 10ean:

  1. Jose Ramon Martinez - Larrabe gaztandegia (Agiñaga - Aiara).
  2. Patxi Lopez de Uralde - Larreako Gazta (Larrea - Barrundia). Aurreko edizioko irabazlea.
  3. Unai Lekuona - Lekuona Gaztak (Araia - Asparrena)
  4. Zabaleta (Munain)
  5. Azkarra (Galarreta)
  6. Kerixara (Oleta)
  7. La Leze (Ilarduia)
  8. Josu San Vicente (San Vicente)
  9. Olano SAT (Egino)
  10. Bostibaieta (Legutio)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago