Garapenean nahasmenduak dituzten edo horiek izateko arriskua duten sei urte baino gutxiagoko haurrak artatzen ditu arreta goiztiarreko zerbitzuak, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) erantzukizun eta finantzaketapean. Gaur egun, Apdema elkarteak kudeatzen du, lankidetza hitzarmen baten bidez.
Enpresa batzordeak salatu duenez, irailaren 1etik aurrera, GOFEk saio kopurua handitu behar izan dio profesional bakoitzari. "Horretarako, esku-hartze eraginkorra bermatzeko beharrezkoa den zeharkako arreta nabarmen murriztu behar izan du", ohartarazi dute; zehazki, haur bakoitzeko 60 minutu izatetik 12 minutu izatera igaro dira saioak.
Neurriak familia erabiltzaileen artean eragin "garrantzitsua" izango duela eta "esku-hartzean funtsezko funtzioak betetzeari utziko" zaiola deritzote langileen ordezkariek: "Bizitzako lehen urteetan esku-hartzea funtsezkoa da haurren eta haien familien garapenerako eta etorkizunerako; arreta goiztiarreko profesionalaren figurak lan integrala eta lankidetzakoa garatzen du hainbat mailatan: haurra, familia, lehen haurtzaroko zerbitzuak eta komunitatea", azpimarratu dute.
Izan ere, ohartarazi dute arreta goiztiarra ez dela "soilik" arreta zuzeneko saioetan zentratzen, eta lana haurraren ingurune osora —familia, hezkuntzako profesionalak, medikuak, jarrera-egokitzapenak, saioen prestaketa, materialak eta abar— zabaltzeko eta koordinatzeko "behar den denbora emateari utziko zaiola".
Hortaz, murrizketa hori arreta goiztiarreko zerbitzuaren haur eta familia erabiltzaileen eskubideetan "atzerapauso" bat dela salatu dute: "Denbora asko behar izan baita hori lortzeko, eta esku-hartze kalitatean izango duten eragina garrantzitsua izango da".
Hiru eskaera
Horren guztiaren aurrean, Apdemako enpresa batzordeak hiru eskaera plazaratu ditu arreta goiztiarreko zerbitzuari eusteko:
- Arreta integrala bermatzen jarraitzea, profesional bakoitzari programatutako zeharkako esku-hartzerako behar duen denbora emanez, hitzarmenean programatutako zeharkako arretarako denbora ezarriz.
- Esku-hartze gisa atzera ez egitea eta arreta goiztiar integrala jasotzeko eskubidea errespetatzea.
- Arreta goiztiarreko profesionalen plantilla sendotzea eta handitzea, eskariak hala eskatzen duenean.