Gaur, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Egunean, Bakardadeak eskola aurkeztu dute. Nahi gabeko bakardadearen aurkako lehen prebentzio-eskola da Araban, eta Laudion egongo da. Aldundiak bultzatutako esperientzia hau lurraldeko beste udalerri batzuetara hedatzea da asmoa. Belaunaldien arteko zubi bokazioa duen proiektua den arren, eta tokiko eragileen proposamenei irekita dagoen arren, adineko pertsonak ditu ardatz nagusi", azaldu dute sustatzaileek.
"Nahi gabeko bakardadea fenomeno konplexua eta dimentsio askotakoa da. Ez dago bakardadearen esanahi unibertsalik; horregatik deitzen zaio Bakardadeak eskola, ez baita esperientzia homogeneoa, estatikoa edo lineala". Bizitzako bakardade une desberdinak ahalik eta modu osoen eta atseginenean igarotzeko baliabide eta tresnak eskaini nahi dituzte. "Pandemiak are gehiago azaleratu du errealitate lazgarri hau. Ekimen honen bidez, trebeziak, baliabideak eta motibazioak ikasteko aukera eman nahi zaie pertsonei, beren bizitza modu esanguratsuan eta gogobetegarrian proiektatu ahal izan dezaten, bai euren buruarentzat, baita ingurukoentzat ere", adierazi du Ander Añibarro Laudioko alkateak.
Gizarte Ongizate, Emakume eta Berdintasun zinegotzi Loli Murielek adierazi duenez, "zahartze prozesu sakona bizi duen gizarte baten aurrean gaude, eta ezin dugu ezikusi egin. Bakardadeak eta antzeko ekimen eta proiektuak oso garrantzitsuak izango dira". Bakardadeak eskolak jarduera programa trinko eta aberatsa aurkezten du: agora bat, pertsonen arteko topaketa eta harremanak errazteko eta lankidetza zein zaintza sareak sustatzeko; tailer eta ikastaroak, komunikazio-trebetasunak, adimen emozionala eta egokitzeko gaitasuna ikasteko; eta herritarrek euren ekimenak sortzeko laborategi bat.
Eskolak San Roketzar erretiratuen elkartean du kokaleku fisikoa. Jardueren egutegia hilaren 18an hasiko da, "Kafea lagunartean" tailerrarekin, eta abenduaren 20an amaituko da. Parte hartu nahi dutenek urriaren 10etik aurrera eman beharko dute izena www.arabaapunto.eus webgunearen bidez, edo telefonoz 681 019 848, 10:00etatik 13:00etara.