Eskola kirola abiatu da, lehiaketa eta guzti

Erredakzioa 2021ko ira. 30a, 16:05
Eskola kirolaren modalitate gehienak urrian hasiko dira. ALEA

Asteburu honetan futbola hasiko da, eta modalitate gehienak urritik aurrera jarriko dira abian.

Abian da berriz eskola kirola herrialde osoan, lehiaketa eta guzti. Kirol gehienak urritik aurrera jarriko dira abian, baina modalitate zehatzen batean, hala nola txirrindularitzan, joan den asteburuan probak egin dira.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak adierazi duenez, "azken urte honetan ezohiko egoera bizi izan dugu, baina onartu beharra daukat eskola kirolean parte hartzen duten eragileek lan bikaina egin dutela jarduerari eusteko pandemiak utzi digun baldintzetan, bikain bete dutela garai hartan geneukan araudia eta, beraz, ez daukagu zalantzarik orain, lehiaketei berriz helduta, gaur egungo egoeran, ildoa berbera izango dela".

Pandemiaren harira osasun agintariek ezarritako arauen arabera, entrenamenduak eta lehiaketak egin ahal izango dira taldeetan mugarik gabe. Kirol instalazio itxietan nahitaezkoa da maskara erabiltzea –egoera zehatzetan salbu–; eta aire zabaleko kirol instalazioetan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea baldin eta ezin bada  mantendu pertsonen artean 1,5 metroko gutxieneko tartea uneoro.

Bestalde, aldagelen gehieneko edukiera % 50ekoa izango da. Dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banan-banan egiten bada edo bi metroko tartea mantentzen bada. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxa hartu bitartean izan ezik, eta aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen ari diren bitartean.

Gainera, iaz bezala, EAEko foru aldundiek "COVID-19aren aurrean jarduteko arau orokorrak" onartu dituzte Eskola Kirolaren Euskal Batzordean, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Arau horien bidez, federazioen protokoloak eguneratzen dira indarreko araudira. Eskola kiroleko eragile guztiek bete beharko dituzte, bai ikastetxeen instalazioetan bai beste batzuenetan.

Araban erakundeek izena emateko epea irailaren 1ean ireki zen, eta irekita jarraitzen du. Jardueren eskaintza eta izena emateko epeak esteka honetan ikus daitezke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide