Mintzalagunean, "pausoa" emateko garaia

Erredakzioa 2021ko ira. 30a, 13:14

Aurrez aurreko bilerak berreskuratuko dituzte aurten. / Mintzalaguna

Urriaren 4an irekiko da izen ematea eta 31era arte egongo da zabalik galdetegia; aurten, besteak beste, irakurketa erraza tailerra, joskintza tailerra edota hegaztien inguruko saioa izango dira osagarri.

Ikasturte berrirako kanpaina aurkeztu du Gasteizko Mintzalagunak, aurrez aurreko bilerak berreskuratzeko asmoarekin. Lagun-arteko bilera mota hauen bitartez programan izena ematen dutenek astero praktikatu eta erabiliko dute euskara, hori baita helburua, taldekideak lagun bilakatzea eta euskara izatea lagun talde horren eremu naturala.

"Pausua ematera" animatzeko deia egin dute sustatzaileek aurten. Osasun eta babes neurri guztiak beteta, Mintzalagun talde batean parte hartzeko gonbita egin diete guztiei. "Aukera paregabea da euskaraz gehiago aritu nahi dutenentzat, edo dugunontzat, hobe esanda! Mintzalaguna ez baita soilik euskara ikasten dabiltzanentzat!".

Astean behin elkartzen dira, gutxienez, ordubetez adostutako leku zehatz batean. Taldeetan euskara maila ezberdina duten pertsonak elkartzen dira eta euskara lagunen arteko komunikazioan erabiltzen dute. Talde bakoitzeko Mintzalaguntzaile bat egoten da, euskaraz hitz egitera ohituta dagoen pertsona. 8-10 laguneko taldeak izango dira, eta Gasteizko auzo ezberdinetan elkartuko dira asteko egun guztietan.

Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gaitasun minimoa izatea (B.2.1 maila) eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Parte hartzaile guztiek Mintzalagunentzat bereziki pentsatutako jarduerak izango dituzte, sarrerak deskontuarekin, zozketak eta GEU elkarteak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko aukera. Irakurketa erraza tailerra, joskintza tailerra, hegaztien migrazioaren inguruko saioa eta Santa Isabel hilerriaren ingurukoa izango dira, besteak beste, hurrengo asteetarako prestatutakoak. Ekintzak guztien inguruko informazioa www.geuelkartea.eus webgunean topa daiteke.

Urriaren 4an irekiko da izen ematea eta 31era arte egongo da zabalik galdetegia. Izena eman ondoren 24€-ko kuota ordaindu eta aukeratutako eguna eta zonaldean bilduko den taldea proposatuko diete Mintzalagun berriei.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago