Jaurlaritzak legea baino ez duela bete azpimarratu du Arabako Mendiak Askek

Erredakzioa 2021ko ira. 30a, 08:25
Plataformak Iturrietako proiektuaren kontra egindako martxa. ARABAKO MENDIAK ASKE

Jaurlaritzak ez du Arkamu eta Iturrietako parke eolikoak egiteko baimenik eman.

Atzo bertan jakin zen Eusko Jaurlaritzak Aixeindarri ohartarazi diola Arkamuko eta Iturrietako parkeek ez dituztela ingurumen-baldintzak betetzen, eta horrenbestez ez diola baimenik emango horiekin aurrera egiteko. Mahai gainean ziren bi parke handienak dira, 34 aerosorgailurekin eta 170 megawatteko potentziarekin.

Arabako Mendiak Aske plataformak dagoeneko erabaki horren gaineko lehen balorazioa egin du. Nabarmendu du Jaurlaritzak ez diola "ezer oparitu" Arabako gizarteari proiektua erretiratzean: "Legea bete baino ez du egin, Arkamuko Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) berariaz debekatzen baitu zentral eolikoak jartzea", azpimarratu du.

Horrekin lotuta, gogorarazi du Arabako Diputazioko txostenek "argi eta garbi" erakusten zutela instalazio horrek eragingo zuen kaltea, "ingurumen-inpaktu osoa egin ez zuten arren. Izan ere, animaliak eta landareak besterik ez ziren aztertu: ez zen txosten mikologikorik, hidrikorik, paisajistikorik, akustikorik edo materialik egin, eta, gainera, KBE bertan aztertu ziren bakarrik, proiektuak ukituko zituen inguruko landa-guneak kontuan hartu gabe".

Kritikak Diputazioari

Plataformaren arabera, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak eta Ingurumen diputatu Josean Galerak ez zituzten "beharko zuketen moduan" defendatu ez naturagune hori, ez inguruko landa-guneak ere: "Eusko Jaurlaritzari bere proiektua aldatzeko gonbita egin zioten, Arkamuko KBEan egiteko modukoa izan zedin. Herritarrok egin behar izan genuen, alegazioen, manifestazioen eta abarren bidez, ahaldun nagusiak egin ez zuen bere lana", arbuiatu du.

Azpimarratu du Araban eta bertako landa-eremuan inbertsioak egitea ez dela pribilegioa, "berez dagokigun zerbait baizik", eta plan bat "soseguz eta erakunde guztien artean" adostu behar dela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide