Urriaren 9an ospatuko da Hiru Haundiak mendi lasterketa

Erredakzioa 2021ko ira. 29a, 20:27

Manuel Iradier Elkarteak 1987tik antolatzen duen mendi lasterketaren XXII. edizioa izango da aurtengoa.

2018az geroztik ospatu gabeko lasterketak urriaren 9an ekingo dio berriz ere bere ibilbideari. Bere XXII. edizioan 1000 partaide bilduko ditu lasterketak, gehienak bertakoak eta aurreko edizioekin alderatuta emakumeen parte-hartze kopuru altuagoarekin, %10 ingurukoa.

Hain zuzen, parte hartzeko txartela eskuratu dutenak 2019an izena eman zuten 2.500 mendizaleen artean zozketa bidez aukeratutakoak izango dira. 30 urtetan zehar erreferentziazko mendiko proba gisa sendotuz joan da, ez bakarrik Euskal Herrian, baita gainontzeko lurraldeetan ere. Gaur egun, "Ultra trail du Mont-Blanc" lehiarako proba puntuagarria da gainera.

Mendi lasterketa parte-hartzaileen artean entzutetsuenetakoa den lasterketa honek 1987an izan zuen lehen edizioa eta orduz geroztik Gorbeia, Anboto eta Aizkorriko tontorrak batzen dituen ibilbidea osatu du. Irteera urriaren 9an Murgian, gauerdian, izango da eta parte-hartzaileek 24 orduko tartean bete beharko dituzte Araia arteko ibilbideko 101,6 kilometroak; bidean, 5.126 metroko desnibel positibo metatua gainditu beharko dute gainera.

Lasterketa iragartzeko ekitaldian, antolatzaileek ibilbidean zehar, zein antolakuntza lanetan erakunde eta administrazio zein Udal ezberdinen aldetik jasotako laguntza eskertu dute. Orotara 400 pertsona baino gehiago arituko dira antolakuntza lanetan eta Fernando Casi Leonek, Manuel Iradier Sociedad Excursionistako presidenteak, segurtasun neurri guztiak bermatuko direla gaineratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago