Arabaclick ekimenak bost erakusketa aurkeztuko ditu Gasteizen

Erredakzioa 2021ko ira. 29a, 17:02

Gaur aurkeztu dute Arabaclick ekimena. / Gasteizko Udala

Urriaren 1etik 18ra arte ikusi ahal izango dira erakusketak, besteak beste, Atarian, Amarika aretoan edo Zabalganeko gizarte etxean.

Arabaclik argazkigintza eta mugikorraren hirugarren topaketak aurtengo jarduera-programa aurkeztu du. Lehiaketaren aurtengo edizioan 227 egileren 796 argazki jaso dituzte guztira. Arabaclick-ek 238 argazki onenak aukeratu ditu, 90 egilerenak, eta horiekin bost erakusketa egingo dira Gasteizen urriaren 1etik 18ra bitartean.

Atariak naturarekin lotutako argazkiak hartuko ditu; Zabalganeko gizarte-etxeak, hiri paisaiarekin lotutakoak, eta Judimendiko gizarte-etxeak, argazki serieak. Amarika aretoan eta Vital Fundazioaren erakusketa aretoan, berriz, koloretako argazki urbano onenak jarriko dituzte ikusgai. "Gasteiztarrak Arabaclick 2021 ekimenak proposatutako erakusketetara joatera animatu nahiko nituzke, kameraren edo mugikorraren atzean jartzen direnek munduaz dituzten ikuspegi desberdinak ezagut ditzaten”, azaldu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. Erakusketen osagarri, bi proiektu landu dituzte: bata Arte eta Lanbide Eskolako ikasleek landu dute, eta urriaren 20an aurkeztuko dute; besteak Udalaren hezkuntza-programaren laguntza du, eta aldizkari batean argitaratuko da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago