Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Lanabes proiektuaren fase berri bat aurkeztu dute gaur. 2015ean sortu zen Lanabes proiektua eta Bai Euskarari Elkartea talde eragileko partaide izan da hasieratik. Sei urte hauetan euskara eguneroko zereginetan, bezero edo hornitzaileekiko harremanetan eta abarretan erabiltzen duten enpresen kopurua modu esponentzialean hazi da Araban, eta, horren ondoren, hiru erakundeek beste bultzada bat eman nahi izan diote proiektuari, arlo sozioekonomikoak euskararen arloan dituen beharrei modu eraginkorragoan erantzun nahi dien entzute bat aktibatuz.
Hiru erakundeen elkarlanetik abiatuta, Lanabes programak enpresei prestakuntza eta aholkularitza gehiago eskainiko die, euskarazko jardunbide egokiak zabalduko dira merkataritzan eta ostalaritzan eta LHko prestakuntzan presentzia handiagoa izango du.
Lanabes programaren barruan kokatzen dira Bai Euskarari Elkarteak gaur egun kudeatzen dituen Arabako Enpresen Foroa eta Arabako Enpresa Ertainen Mapeoa.
Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman dute hitzarmenaren berri. Horren ostean, familia-argazkia egin dute Lanabes proiektuan parte hartzen ari diren eragile guztiek batera; tartean, Bai Euskarari Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrez.
Ekitaldiaren inguruko informazio gehiago duzue Arabapress.eus webgunean.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.