Guardia Zibilak 14 lagun atxilotu zituen joan den astean Gasteizen, ustez PCR ziurtagiri faltsuak egin eta saltzen zituen sare bat osatzeagatik; atzerrira bidaiatzeko erabiltzen ziren ziurtagiriok. Polizia operazioa Adolfo Suarez Madril-Barajaseko aireportuan hasi zen, Arabako osasun-zentroetako medikuen sinadurak atzeman zituztenean. Agiri horiek zituzten bidaiariak Madriletik Marokora eta Europako hainbat hiriburutara abiatzen ziren.
Irailaren 20tik 24ra bitartean egin zuten polizia operazioa, Guardia Zibilak Madrilgo aireportuan atzeman zituen kasuen ostean. 14 atxiloketez gain, bi miaketa egin zituzten Gasteizen, faltsifikazio horiek egiten eta ematen ari ziren susmopean, eta material informatikoa eta dokumentazioa konfiskatu zituzten.
PCR ziurtagiri faltsuak norbanakoek zein familiek erabili zituzten udako oporretan atzerrira joatea bermatzeko. Joan den otsailean, Europolek ohartarazi zuen handitu egin zela Europako Batasunean bidaiatzeko PCR ziurtagirien legez kanpoko salmenta, hainbat aireportutan dokumentu faltsuak atzeman eta instalazio horietan 300 euro arteko froga faltsuak eskaintzen zituzten faltsifikazio-sareak desegin ondoren.