Sancho el Sabio Fundazioan Basques in California erakusketa ikusi daiteke joan den irailaren 8tik. Azalpen-panelak eta Boiseko (Idaho) Euskal Museoko objektuekin osatutako bilduma da; gainera, Sancho el Sabio Fundazioaren funtsekin osatu dute, arabarrek Kalifornian izan zuten eta duten presentzian sakonduz.
Erakusketari lotuta, halaber, joan den astean abiatu zen hitzaldi zikloak jarraituko du aste honetan. Hilaren 29an, David Mota Zurdok (Isabel I Unibertsitatea) El Servicio Vasco de información: la nonata operación Caribe (1959-1961) hitzaldia eskainiko du. Urriaren 4an, berriz, Santiago de Pablok (EHU) Otros vascos en Estados Unidos: cultura, cine y deporte aurkezpenarekin jarraituko du. Urriaren 15ean Mari Jose Olaziregiren (EHU) txanda izango da (EHU) Diáspora vasca y literatura en Estados Unidos hitzaldiarekin. Eta, urriaren 19an, Argitxu Camusek (Eusko Ikaskuntza) Las Euskal Etxeak en Estados Unidos izenekoarekin amaituko du.
Hitzorduak Vital Fundazio Kulturunean izango dira (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua), 19:00etan, eta sarrera librea izango da aretoaren edukiera bete arte.