Euskarazko aisialdia indartzera dator Kukulaisi

Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 18:11

Elgoibarren aurkeztu dute Kukulaisi federazioa. / Topagunea

Aisialdiaren eremua lantzen duten 14 elkarte batu dira eratze batzarrera, tartean Gasteizko GEU elkartea

Tokian tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzeko heburuarekin, Kukulaisi federazioa aurkeztu dute asteburuan, Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza. Guztira 14 euskara elkarte batu dira Kukulaisi federaziora, lehendik ere euskarazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten elkarteak; tartean, Gasteizko GEU elkartea.

Gainera, Usurbilgo Noaua!, Getxoko Bizarra Lepoan, Hernaniko Dobera, Euskarabentura, Ordiziako Hitzaro euskara elkartea, Bergarako Jardun, Atarrabiako Karrikaluze, Lasarte-Oriako Ttakun, Arrasateko Txatxilipurdi, Deustuko Berbaizu, Durangoko Berbaro, Elgoibarko Izarra eta Soraluzeko Pil Pilean euskara eta kultur elkarteak batu dira. Horiez gain Euskaltzaleen Topagunea eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute Kukulaisi federazioaren eraketan.

Euskara ellkarteak eta eragileak batu badira ere, euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela azpimarratu dute Kukulaisi euskaltzaleen topagunearen ordezkariek. Era berean, lehen eratze batzarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, federazioa Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela nabarmendu dute

Batzarraren euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu dute. Hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten duela aipatu da. Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da federazio berria. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago