Pandemia osteko Araba suspertzeko 500 milioi euroko plana iragarri du foru gobernuak

Erredakzioa 2021ko ira. 27a, 13:17

Ramiro Gonzalez diputatu nagusia, Batzar Nagusietan. / AFA

2025era bitartean Arabaren "eraldaketa bultzatzeko" 500 milioi euroko plana iragarri du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak. Proiektu estrategikoen artean dago Arabarren II egoitza eta zahartzeari buruzko ikerketa zentro berria, Salburuan.

Arabako Batzar Nagusiek politika orokorrari buruzko eztabaida izan dute gaur goizean, eta Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak Foru Aldundiaren "historiako inbertsio proiekturik handiena" iragarri du: 2025era arte 500 milioi euro inbertitu nahi ditu, lurraldearen "eraldaketa bultzatzeko" eta jarduera ekonomikoari "bultzada handia" emateko.

Besteak beste, azpiegiturak eta errepideak eraikitzea, gizarte, ingurumen eta kultura proiektuak gauzatzea, eta lurralde historikoaren zein administrazioaren digitalizazioa izango dira ildo nagusiak. "Inbertitzeko unea da", azpimarratu du Gonzalezek; izan ere, diputatu nagusiak uste du "normaltasuna eta bizitza berreskuratzen" ari garela, "Covid-19aren pandemiak urte eta erdian gizarte osoa benetan kolpatu ostean".

2022-2025 Inbertsio Planean egituratuko den proposamenak diru bilketaren aurreikuspen onetan du oinarria, eta Europako finantzaketa lortzeko aukera izango du bidelagun. Oraingoz, Ramiro Gonzalezek plana aurkeztu die oposizioko taldeei, 2022ko aurrekontuen negoziazioari begira beren ekarpenak egin ditzaten.

Aurrekontu parte-hartzaileak

Aldundiak abian jarri nahi dituen egitasmoetako bat aurrekontu ireki eta parte-hartzaileak izango dira, Arabako herritarrek aurrekontuaren zati baten gainean erabakitzeko. Proposamenak aurkezteko prozesua datozen hilabeteetan gauzatuko da, eta, ondoren, herritarrek hainbat ekimen aukeratu ahal izango dituzte 2023ko aurrekontuetan.

Arabarren II, egoitza eta ikerketa zentroa

Gizarte zerbitzuei dagokienez, Araba zainketen kalitatean "buru" izateko asmoa adierazi du Gonzalezek. Horretarako, eredu berria Gizarea egoitzetan zabaltzeko konpromisoa azaldu du. Bestalde, Etxean Bai programak erreferentziazko zentro bat izango du, "mendekotasuna duten eta hala nahi duten pertsonek beren etxeetan bizitzeko aukera izan dezaten".

Egitasmo horiekin batera, hainbat inbertsio egingo dira egoitza baliabide berrietan: adinekoentzako eta adimen desgaitasuna duten pertsonentzako Arabarren egoitzako obrek "erritmo onean" aurrera joateaz gain, beste egoitza berri baten proiektua iragarri du foru gobernuak: Arabarren II egoitza Salburua auzoan egongo da eta lankidetza publiko sozialeko eredu bera izango du; gainera, zahartzeari buruzko ikerketa zentro bat izango du.

Horrez gain, adimen desgaitasuna duten pertsonak artatzeko erreferentziazko zentro berri bat iragarri du diputatuak, baita hogei bat plaza izango dituen eguneko zentro bat eta desgaitasun intelektuala duten pertsona zahartuentzako egoitza proiektu pilotu bat ere, hamabost plazarekin.

Enpresa, teknologia eta bekak

Aurten kontrataziorako, turismorako eta merkataritzarako laguntzak —"krisiaren ondorioak bereziki pairatu dituzten sektoreak"— handitu direla nabarmendu du Gonzalezek, bide horretan "inbertitzea erabakitzen duten enpresei laguntzen" jarraituko duela azalduz. Besteak beste, zenbait proiektu estrategikorekiko lankidetza areagotuko du Aldundiak:

  • Mobility Lab
  • 4.0 Industria Teknologien Fabrikazio Aurreratuko Zentroa
  • CEC Energigune
  • Farmazia Terapia Aurreratuen Zentroa
  • Basque Volt baterien gigafaktoria martxan jartzea Arabako Parke Teknologikoan

Halaber, krisialdi ekonomikoak bereziki kolpatutako Aiaraldea eskualdean "inbertitzeko ahalegin berezia" egiteko konpromisoa adierazi du diputatu nagusiak.

Horrez gain, laster Araba Talent beka programa gauzatuko dela iragarri du, ahalmen handiagoa duten Arabako ikasleak laneratze egokira eta garapen profesionalera bideratzea helburu. Ido beretik, "lurraldea talentugune bihurtzeko" asmoz, Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua eta Innovaraba babestuko dituela berretsi du.

Bestalde, Abiadura Handiko Trena iristea eta Gasteizen lurperatzea Arabarentzat "funtsezkoa" dela adierazi du, "bete beharreko konpromiso bat" dagoela aldarrikatuz.

Landa eremua babesteko neurriak

Nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreari dagokionez, digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoaren beharra azpimarratu du Gonzalezek, eta horri laguntzeko inbertsioak iragarri ditu. Sektoreko beste berrikuntzetako bat Eskalmendiko finkan agroekologia eta ekoizpen sistemetako ekintza talde bat eratzeko asmoa da, foru teknikariek eta nekazariek osatuta.

Halaber, upategiei zuzendutako laguntza lerro baten deialdia iragarri du, ardoak Arabako Errioxako mahatsekin egin eta hori adierazten duen etiketa jartzen duten ardogileentzat.

Landa eremuarekin lotutako beste inbertsio eta neurri batzuk iragarri ditu ere: landa eremuko etxebizitzak birgaitzeko, ekintzailetzaren aldeko neurriak —zerga sistema berdea— eta bide azpiegiturak hobetzeko —besteak beste, A-625, N-124 eta A-2128 errepideak—.

Berdintasuna, memoria eta ingurumena

Bere hitzartzearen azken txanpan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana eta Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren elizan Martxoaren 3ko biktimen oroimenezko memoriagunea sortzeko proiektuak aipatu ditu diputatu nagusiak.

Bestalde, ingurumenari dagokionez, lurralde historikoan energia berriztagarrien proiektuak bultzatzeko eta "biodibertsitatea babesteko" konpromisoa adierazi du foru gobernuak. Arlo horretan, Enargi Araba sozietate publikoaren lana eta Ekiola egitasmoaren garrantzia aipatu ditu, "etxebizitzetarako eta jarduera ekonomiko txikietarako energia eskuratzeko aukera demokratizatuko" duelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago