Atzean geratu dira Parisko Operak streaming bidez eskaini zituen emanaldiak. Besaulkiak lepo dira, berriz ere, Garnier jauregian Glucken Iphigénie en Tauride lanaz gozatzeko. Ondo ezagutzen du egoitza Iñaki Encinak (Eskoriatza, 1978), tartean zuzendari laguntzaile lanak egin dituelako hamaika urtez, baina zuzendari nagusi moduan arituko da oraingoan. Urriaren 2an izango du debuta, eta abenduaren 26 eta 28an hurrengo saioak Haendelen Alcina obrarekin.
Presio handiko egunak dira opera estreinaldiaren aurreko hauek?
Lan handikoak izan dira, bai, baina presiorik ez. Oso ondo ezagutzen dut Iphigénie opera, zuzendari laguntzaile bezala aritu naizelako zenbaitetan beste antzoki batzuetan, eta, beraz, ez dago arazorik. Egia da bi abeslari aldatu behar izan ditugula azkeneko momentuan, gaixotasunagatik, eta pentsatu baino lan gehiago izan dugula horrekin, rolak ikasteko ohikoa baino entsegu gehiagorekin, baina ez dut sentitzen presiorik; ondo barneratuta duzunean ez dago horretarako motiborik. Niretzat aukera ederra da Parisko Opera zuzentzea, baina musikari gazteentzako proiektu batean izan nintzen lau bat urtez, lantaldea oso ondo ezagutzen dut, eta dagoeneko hemen etxean sentitzen naiz.
Nolakoa da halako produkzio handi bat zuzentzea? Zuzendari moduan baduzu aukerarik sormen lanerako?
Opera hau joan den urtean egin behar genuen, nik zuzendari laguntzaile moduan orduan, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen. Aurten berriz egingo zela erabaki zuten, eta oraingoan zuzendari egiteko eskaini didate. Produkzio hau, halere, 2006an egin zen lehen aldiz, eta, beraz, eszenaratzea eginda dator. Gauza batzuk aldatu ditugu abeslari berriekin, baina ez dago sorkuntza lanik; beste horietan lan gehiago egin behar da, erabaki asko hartu behar dira, eta eztabaida ugari izaten da. Baina ikuskizun hau eginda dator, eta badakite nolako emaitza izango duen. Halere, lantalde handia zuzendu behar da: lau pertsonaia nagusi daude opera honetan, bigarren mailako beste hiru bakarlari, abesbatzak dituen 35 bat lagun, orkestraren 50 bat, estra pilo bat...
Zuzendari askorekin egin duzu lan. Alde handia dago batzuk eta besteen artean?
Bai, oso desberdinak izan dira. Badaude abeslariekin lan egiten duten zuzendariak, orkestrarekin egitea nahiago dutenak, hizkuntza ondo lantzen dutenak, horretan interesa jartzen ez dutenak... Laguntzaile izan naizen batzuetan, esaterako, zuzendaria ez da agertu ere egin, eta ardura nire gain geratu da. Beste batzuetan zuzendaria izan da nagusia, eta betebehar zehatzak egin izan ditut. Ezin da aurreikusi nola izango den, beti da ezberdina.
Eta publikoa nolakoa da Parisen? Zorrotza da?
Bai, zorrotza da. Sarrera ordaintzen dute, eta kalitate bermea espero dute. Egia da, halere, Parisen opera ugari dagoela eta bakoitzak bere publikoa duela: Comique, Champs-Elysees, Chatelet... Parisko Opera Nazionalak konpainia bakarra duen arren, bi egoitza ditu –Garnier eta Bastilla–, eta publikoa desberdina da, zonaldeak ere baldintzatuta askotan aberats edo pobreagoetan banatuta. Garnierren edadetuagoak dira, zonalde aberatsean dago –XVI. barrutia– eta jendea oso dotore janzten da, eta batik bat ballet ikuskizunak eskaintzen dira; Bastilla, aldiz, eraikin modernoagoa da, eta gazteak badirudi errazago joaten direla hara, alkandora soil batekin... Bastillako publikoa esango nuke irekiagoa eta kritikoagoa dela, eta, aldiz, Garnier kontserbadoreagoa, baina dena txalotzen duena.
"Lan hutsal asko egiten dira arte desberdinak nahasteko helburu bakarrarekin"
Ondo zaintzen du opera Frantziak? Belaunaldi berrietara heltzen da?
Proiektu pila bat egiten dira eskoletan, eskaintza handia dago, eta horrek publikoa sortzen du. Norbait ezagutzen dudanean eta zuzendaria naizela esaten diodanean jasotzen dudan erantzuna oso desberdina da batean eta bestean; Frantzian denek ikusi dute noizbait operaren bat, nahiz eta obra zailak ez izan, denek ikusi dute Carmen edo Traviata operazaleak ez izan arren, Bastilla ezagutzen dute... Aldiz, Euskal Herrian edo Espainian esaten dudanean zuzendaria naizela aurpegi arraroa jartzen dute, "baina hori ogibide bat da?". Zaila da Gasteizen Bilboko opera emanaldietara doan lagunik aurkitzea.
Faltan botatzen duzu Euskal Herrian opera sustatzeko lan hori?
Uste dut gizarteak duela faltan. Musika denoi dagokigu, denona da, eta inportantea da jendeari aukerak ematea arte hau ezagutzeko. Parisen badaude 200 euroko sarrerak, baina baita zazpi eurokoak ere, beraz erraza da. 28 urtetik beherako gazteentzat, adibidez, lehen mailako obren aurrestreinaldiak izaten dira, eta 25 euro ingurukoak dira. Aukerak, beraz, ugari. Madrilen, nik dakidala, zazpi eurogatik ez dago halakorik.
Nondik datorkizu zuri zaletasuna?
Arrebak solfeoa ikasten zuen, eta, behin, ama lanpetuta zebilen eta ni ere musika eskolara joan nintzen harekin. Bost urterekin hasi nintzen solfeoa ikasten, Eskoriatzan, eta gustatu zitzaidan; entzumen absolutua nuen eta berehala sentitu nuen oso naturala zela niretzako. Gero, Gasteizen, Udaberria abesbatzan izan nintzen, txikitatik asko gustatu izan zait abestea, eta laster hasi nintzen pianista laguntzaile moduan ere.
Ibilbide luzea, ostean, orkestra zuzendari izan arte...
Luzea, bai. Nik ez nuen orkestra zuzendaria izateko gogo berezirik; pianista nintzen, eta pianista laguntzaile izateko diploma egitea erabaki nuen. Frantziara jo nuen hori egitera, Tolosara, eta hiru urte igaro nuen han. Hantxe piano irakasleak orkestra zuzendari izan behar nuela esan zidan, horretarako gaitasuna nuela eta, tira, Musikene ireki zuten Donostian, eta orkestra zuzendaritza egitea aukeratu nuen.
"Jendea hezi egin behar da edozein arte motara heltzeko"
Baina ez zenuen pianoa erabat baztertu, ezta?
Beti jo izan dut pianoa, baina abeslarien laguntzaile moduan, ez naiz pianista bakarlaria kontsideratzen. Parisko Operan pianista moduan sartu nintzen, baina berehala hasi nintzen zuzendari laguntzaile bezala, eta pianoa alde batera utzi nuen aldi batez; egunero jo behar da pianoa, bestela ezin duzu zure maila mantendu. Urte askoz ahaztuta izan nuen, eta orain dela bost urte Tolosako irakasleak haren gurasoek idatzitako hainbat melodia erakutsi zizkidan; interesgarria iruditu zitzaidan eta grabatzea merezi zuela pentsatu nuen. Adriana Gonzalez abeslari bikainarekin batera grabatzea erabaki nuen, eta hala bueltatu nintzen pianora.
Eta bigarren lan bat ere bai.
Lehenengo diskoak ondo funtzionatu du, kritika onak izan ditu, sariak, eta disko-etxeak beste proiektu bat egiteko aukera eman digu. Isaac Albenizen zenbait kanta grabatzea nuen buruan, Gasteizekin ere lotura handia duen konpositorea; Gironan jaio bazen ere, bere aita eta arreba Gasteizen jaiotakoak ziren, Jesus Guridi kontserbatorioko areto nagusia Isaac Albeniz deitzen da, eta han bere piano errepertorioa ezagutu dugu denok... Nahiko ezezaguna den errepertorioa topatu nuen, eta gogoa nuen berriz ere Adriana Gonzalezekin grabazio bat egiteko. Edizio bat erosi nuen, Albeniz hil eta urte dexente beranduago editatutakoa; baina editatuta egon arren ez zegoen ia grabatuta, merkatu alternatiboan bakarrik, kalitate eskasarekin... Inor ez da ausartu grabatzera, beharbada hizkuntza aldetik zuen zailtasunagatik, ingeles lirikoa ez baita erraza abesteko; Albenizek oso bizitza kosmopolita izan zuen, Londresen bizi izan zen, gero Parisen... eta kantak ingelesez eta italieraz ere baditu. Kalitate handiko kantak diren arren, ovni moduko bat dira Espainiako musikan. Urriaren 15ean aurkeztuko dugu diskoa.
Denboraldi berezia izango da hau, iazkoaren ostean?
Bai, orain ari da kultura suspertzen Parisen. Iaz ez zen ezer egin, dena itxita, eta operaren bat streaming bidez. Beraz, orain hasten da benetan irekitzen. Garnierren denboraldi honetan aurkezten dugun lehenengo opera da gurea, ez dago aforo murrizketarik dagoeneko, eta, beraz, beterik dagoen opera batentzat jotzea berezia izango da.
Zein proiekturekin egiten duzu amets? Zein izango da hurrengo erronka?
Orain Parisen ditudan proiektuekin buru-belarri ari naiz, baina Argentinatik ere deitu didate eta ezetz esan behar izan dut; uste dut aukera izango dudala aurrerago egiteko. Etxean ere pixka bat gehiago lan egitea gustatuko litzaidake; ez da ohikoena ni Euskal Herrikoa izanik Parisko Opera zuzentzen egotea eta inoiz ez Bilbon edo Donostiako Hamabostaldian. Espero dut halako aukeraren bat ere izatea, beti delako pozgarria etxera bueltatzea, etxekoek ikustea eta zure herrian ere zure lana kontuan izatea. Bestalde, Paris opera mailan munduko bost onenen artean dago, beraz beste lauak ere egin beharko dira, kar-kar: Metropolitan (New York), Scala (Milan), Covent Garden (Londres) eta Vienako Estatu Opera.
Badago egingo ez zenukeen zerbait?
Jakin-min handia daukat, eta gauza berriak egin nahi ditut. Mundu lirikoan etiketak jartzeko joera dago; nik XVIII. mendeko musika egiten dut (Mozart, Haendel...), eta desiratzen nago beste batzuk probatzeko. Horregatik, bestelako disko proiektuetan XX. mendera jotzen dut, mundu lirikoan jarri didaten etiketatik (barroko-klasikoa) ihes egiteko. Ez dago ezetz esango nukeen proiekturik, ez dut betorik jartzen, baina badaukat opera ulertzeko modu bat. Orain joera dago arteak eta kontzeptuak elkartzeko, eta gauza jenialak egin daitezke, baina uste dut lan hutsal asko egiten dela arteak nahastearen helburuarekin bakarrik. Opera modernizatzeko joera dago, eta ez dut uste behar duenik; sarbide errazago bat behar du, eta jendeari erakutsi behar zaio gogoa izatea bakarrik dela beharrezko Traviata batekin gozatu ahal izateko. Badirudi orain Bohème ikusteko rap dantzariak sartu behar dituzula eszenan, eta ez zait gustatzen eredu hori. Musika errespetatzen ez duten proiektuek zapuztuta uzten naute. Ez dut uste proiektu baten kalitate artistikoa makurtu behar denik jende gehiagorengana heltzeko; uste dut jendea hezi egin behar dela edozein arte motara heltzeko.