"Azken asteetan eskuin muturraren manipulazio eta kriminalizazio saiakeraren objektu izan da euskal presoen eskubideen aldeko mugimendu herritarra. Guzti honen helburua garbia da: azken urte honetan espetxe politikaren baitan izan diren aldaketak oztopatu eta blokeatzea", adierazi du Sarek, azken egunetako polemiken harira. "Etapa berri bati hasiera ematen ari gara: urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari".
Norabide horretan, Ibilian-ibilian etxerako bidean dinamikaren barruan, Araba ere martxan jarri da. Bi aste barru, Sare Herritarrak antolatutako Arabako Itzulia lurraldeko 35 herri baino gehiagotik igaroko da, 45 urratsetan, "elkartasunez beteriko" 190 kilometroko ibilbide batean; oinez eta gelditu gabe. Ostegun honetan aurkeztu dituzte ibilbidearen xehetasunak.
Ibilbidea
Urriaren 7an, ostegunean, 14:00etan Aguraindik abiatuko da elkartasun itzulia, Nafarroan aurreko astean egindako biraren lekukoa hartuta. Ondoren, Kanpezuraino abiatuko dira, eta bertan afaldu ostean, Arabako hegoaldea zeharkatuko dute.
Ostiral goizean, hilaren 8an, Trebiñun gosaldu eta Zaballako espetxera iritsiko da martxa, euskal presoen eskubideen aldeko aldarriak espetxe barrutik entzun daitezen. Arratsaldean, Amurrioraino joango dira, eta ekitaldi musikatu bat izango da herriko plazan. Gau horretan, Gorbeialdea zeharkatuko dute Gasteizeraino iritsi arte.
Urriaren 9an, larunbatean, Gasteizen sartuko dira 9:30ean. Bertan, hainbat eragilek Arabako Itzuliaren lekukoa hartuko dute eta Foru Plazan amaituko da ekimena, ekitaldi batekin.
Presoen etxeratzea eta graduen progresioa
Bi dira Arabako Itzuliak izango dituen aldarri nagusiak. Alde batetik, euskal preso guztien euskalherriratzea; bestetik, graduen progresioa. "Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharreko bidea", azpimarratu du Sarek.
"Legez, euskal herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, zigorraren hiru laurdenak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara", gaineratu dute. "Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Orain arte moduan, zuon guztion indar eta bultzadaz".