Aldundiaren tutoretzapeko adingabeei sexuaren truke ordaintzeagatik eskatuko dituen zigorrak zehaztu ditu dagoeneko Arabako Fiskaltzak. Kasua 2016an atera zen argitara, Sansoheta adingabeen zentroaren inguruan, eta, sexu abusuez gain, droga trafikoko ustezko delituak ere ezagutzera eman ziren.
Ostegun honetan Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, Josu Izagirrek zuzendutako Fiskaltzak ehun urtetik gorako eskaera egin du —guztira, zigor eskaera guztiak batuta— inplikatutako hamar helduentzat. Adingabeen ustelkeria, sexu abusua, adingabeen aurrean pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako —drogak nerabeekin kontsumitzeagatik— delituak leporatu dizkiete. Biktimak 14 eta 17 urteko adingabeak ziren 2016an.
"Gertaera horiek guztiak Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden adingabeei egin zitzaizkien", azaldu du Ministerio Fiskalak. Hortaz, "kasuaren inguruabarrak" eta "oso biktima zaurgarriak izateagatik gertaeren larritasuna" kontuan hartuta, Fiskaltzak ez du bost urtez luzatu den ikerketari buruzko datu gehiago emango.
Epaiketa laster egingo da Arabako Probintzia Auzitegian. Ikerketa Gasteizko 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak egin du, eta instrukzio fasea martxoan itxi egin zen.
Adingabeen prostituzioa
Sansoheta Gasteizko periferian kokatutako adingabeen zentro bat da. Duela bost urte argitara atera zenez, zentro horretako bederatzi gaztek —gutxienez— profil bat zuten harremanetarako webgune batean; bertan sexu zerbitzuak eskaintzen zituzten diruaren truke. Zentroko ordenagailuetatik eskaintzen zituzten zerbitzuak, baina zentrotik kanpo ematen ziren topaketak.
Whatsapp mezu batzuk irakurri ostean gazte horietako baten amak Udaltzaingoan jarritako salaketa baten harira, ikerketa bat ireki zen; hala ere, handik gutxira itxi egin zuten, frogarik ezagatik. Handik sei hilabetera, psikologo bat atxilotu zuten, ustez adingabeei sexu abusuak egiteagatik.
Ikerketaren arabera, gainera, heldu gehiago zeuden kasuan inplikatuta. Horiek guztiak "nerabeen baimenarekin" jardun zutela argudiatu dute, baina gaur egun legediak ez du baimentzen adingabeen prostituzioa.