Ondarearen ikuspegi "inklusiboa" bultzatuko dute jardunaldietan

Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 15:54

'Ander' filma proiektatuko da Agurainen eta Gasteizen. ZINEA

Ondarearen Europako Jardunaldiak urriaren 2tik 30era bitartean egingo dira Araban, 'Ondare irisgarri eta inklusiboa' lemapean. Aurten, 26 jarduera antolatu dituzte, hamar herritan.

Ondarearen zabalkundean inklusiboak izateko erronka izango dute, aurten, Europa osoan, ondarearen inguruan antolatuko diren jardunaldiak. "Inklusibitateak, ondarearen ikuspegitik, tradizionalki bazterrean egon diren gizarte-taldeak jartzen ditu eztabaidaren muinean. 2021ean, Ondarearen Europako Jardunaldiek, inoiz baino gehiago, programa osatzen duten jarduerak askotariko ikus-entzule horiekin konektatzea bilatzen dute".

Araban, urriaren 2tik 30era bitartean egingo dira, Ondare irisgarri eta inklusiboa lemapean. Aurten, 26 jarduera antolatu dituzte, hamar herritan, eta aniztasunari eta gutxiengoen inklusioari arreta berezia jarriko zaie. Ildo horretan, Jesus Guridi kontserbatorioan, urriaren 2an, pertsona gorrentzako musika tailerra egingo da; LGTBI zinemaren emanaldi bana izango da Agurainen eta Bibat Museoan (Ander filma); Historia de la comunidad gitana en Euskadi hitzaldia, Bibat Museoan, urriaren 19an; Arabako Erdi Aroko damak. Beren bizitzaren kontakizuna genero-ikuspegiaren bidez berreraikiz hitzaldia, urriaren 26an, Bibat Museoan; zinema arkeologikoaren emanaldia: Mächtige Männer Ohnmächtige Frauen? (Gizon boteretsuak, emakume ezinduak?), urriaren 28an, Bibat Museoan; eta, gainera, hilabete osoan bisita gidatu irisgarriak egingo dituzte Arabako museoetara, ikusmen, mugikortasun edo adimen desgaitasuna duten pertsonentzat.

PROGRAMA OSOA

Arabako Foru Aldundiarekin batera honako talde hauek parte hartu dute jardunaldien antolakuntzan: Jesus Guridi Musika Kontserbatorioak; Arkeologiarako Arabar Institutuak; FICABek (Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa); Gaubeako Turismo Patronatuak; Aguraingo, Aiarako, Laudioko eta Trebiñuko Konderriko udalek; Gasteizko Elizbarrutiak; Trebiñuko Ikasketen Institutuak; Zalduondoko Kultura Elkarteak; Aunia Kultura Elkarteak, eta Kaleartek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago