Arabako egoitzetako hitzarmen probintziala, gero eta hurbilago?

Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 13:00

Arabako egoitza pribatuetako langileen prentsaurreko bateratua, ostiralean. / ELA

Arabako hamahiru egoitzek sektoreko lehen patronala sortu ostean, gaur osatuko da hitzarmen probintzial bat adosteko mahai sektoriala. 17 greba egun eta asteroko mobilizazioen ostean, prekarietatearekin amaitzeko eskaera berretsi dute langileek.

Bi urte eta erdi, 17 greba egun, asteroko mobilizazioak eta bilera ugari. Hori izan da, orain arte, hitzarmen probintziala lortzeko Arabako egoitza pribatuetako langileen borrokaren balantzea. Joan den astean, ordea, lurraldeko hamahiru egoitzek sektoreko lehen patronala sortu zuten, Arabako Egoitza Zentroen Elkartea (AEZE), sindikatuekin negoziatu ahal izateko ezinbesteko urrats gisa; hala ere, lurraldean dauden 2.600 plazetatik 500 inguru ordezkatzen ditu oraingoz.

Gaur, irailaren 21ean, hitzarmena negoziatzeko mahai sektoriala osatuko da, azkenik. Lehen bilera horren aurrean, joan den ostiralean, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek agerraldi bateratua egin zuten Gasteizen, "prekarietatearekin amaituko duen hitzarmena" exijitzeko.

"30 hilabeteotan bilerak izan ditugu Aldundiarekin, sektoreko hainbat ordezkarirekin eta Eusko Jaurlaritzako Lan sailarekin, baina artean ez da erabakirik hartu lan baldintzak eta arreta duinagoak izan daitezen", deitoratu dute.

Arreta eredua

Bitartean, Ramiro Gonzalezek hainbatetan adierazi dio prentsari lan hitzarmena "gero eta hurbilago" dagoela, baina sindikatuak ez dira fio, eta sektoreko enpresarien elkarteak deitu dituzte astearte honetan bilera egiteko: "Demagogia hutsa eta betiko prekarietatea. Pandemia aurretik ikusezinak ginen; orain, haien propaganda politikorako tresna huts", salatu dute.

Sindikatuen ustez, pandemiak agerian utzi du "inoiz baino premia handiagoa dela oinarrizko jotzen den sektore hau duina izatea". Izan ere, euren aburuz, "langile eskasia izugarria" pairatzen dute, eta "pertsona oinarri izango duen arreta eredua ezartzeko" abiapuntua da arazo hori konpontzea. "Familia askok beren adinekoak ezin dituzte zahar-etxe publikoetara eraman lekurik ez dagoelako, eta hilean milaka euro ordaindu behar izaten dute zerbitzu askoz okerragoa jasotzeko", ohartarazi dute.

Lan baldintzak

Halaber, sektoreko lan baldintzei dagokienez, gogorarazi dute urtean, batez beste, Bizkaiko lankideek baino 200 bat ordu gehiago lan egiten dutela, hilean 400 euro gutxiagoren truke.

"Gainera, gure kategoria profesionalen arabera ez dagozkigun lanak ere egin behar izaten ditugu. Sarritan, erizain laguntzaileok ere derrigortuta gaude legez soilik erizainek egin beharko lituzketen sendaketak egitera; alabaina, gure enpresek ez dituzte erizain horiek kontratatzen", kritikatu dute.

Egoera horretan, "soldata txarrek eta gehiegizko lan kargak" langileak beste sektore batzuetara bultzatzen dituzte: "Profesionalak ezin dira erakarri enplegua duina ez bada, beraz, argi eta garbi aldarrikatzen dugu: zahar-etxeetako lan hitzarmena orain!", gaineratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago