Ezustean agerraldia egin zuen igandean Paul Urkijo zuzendari gasteiztarrak Zinemaldian, bere film luze berriaren grabaketa aurkezteko. Euskal mitologia eta historia izango du ardatz 'Irati' pelikulak, eta, besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Nagore Aranburu izango dira aktoreen artean.
Zortzi aste luzatuko da filmazioa, Euskal Herrian eta Huescan (Espainia)."Proiektu handia da, euskal mitologia, fantasia eta epika historikoa batzen dituena. Oraingoan, historia VIII. mendean garatuko da, eta bertan Orreagako guduaren oihartzuna eta basoen sakontasuna sumatuko dira", aipatu zuen zuzendariak aurkezpenean.
Euskarari dagokionez, Errementari pelikulan egin bezala, ahal den neurrian, garaira eta ingurura gerturatzen saiatuko da: "Lan hori egiteko Gorka Lazkanoren laguntza eta ikasketak baliatu ditut berriro, Errementari-n lan ikaragarria egin baitzuen".